Kalean izena hartzen du udalak udarako antolatzen dituen emanaldien programak, hain zuzen ere kalean izaten direlako emanaldiak aretoetan izan ordez. Urtero saiatzen dira toki ezberdinetan kontzertuak antolatzen, dagoneko egonkortuta dauden espazioetan ez ezik. Horietako bi dira, adibidez, Lazarraga lorategia eta San Lorentzoko ermita. Aurten ere egongo dira zuzeneko emanaldiak bi toki horietan. Aurtengo berrikuntza, Arantzazuko Santutegiaren kanpoaldea.
Hain zuzen ere Ganbara eta Hots abesbatzak abestuko dute han eta aurtengo egitarauan jaso duten lehen emanaldia izango da; ekainaren 28an, 22:00etan. Ganbarak autobusak jarriko ditu Oñatitik Arantzazura joateko. Kalean programaren barruan joko duen beste talde oñatiar bat Aran Saiz hirukotea da. Lazarragako lorategian joko ditu diskoa ateratzear duen talde honek jazz eta pop estiloko abestiak, uztailaren 10ean.
Toki horretan joko du Indiako Parvathy Baul artistak ere. Ilargi Zabaleta oñatiarra kide den Madrileko Residui antzerki taldeko beste kideetako bat da bera eta talde horrek egonaldia egingo du Oñatin uztailaren 18tik 28ra (joan den urtean Italiako iparraldeko herri batean egin zuen). Oñatiko eta Debagoieneko taldeekin harremanetan jarri eta emanaldiak elkarrekin egitea du asmo antzerki konpainia horrek. Eta egonaldi hori aprobetxatuta egingo du emanaldi propioa musikari indiarrak. Uztailaren 24an izango da hori
San Lorentzoko ermitan Bilbon finkatuta dagoen musikari kubatarrak dituen Havana 537 taldea da. Uztailaren 17an joko du talde honek folk kubatarra. Iruñetik etorriko den Broken Brothers Brass Banda talde ibiltariak bestalde herriguneko kaleetan zehar joko du uztailaren 4an.
Egitarauko azken emanaldia Hortzmuga antzerki taldearena izango da. Azken urteetan bezala, Bidebarrietako jaien barruan egingo da ekitaldi hori, irailaren 1ean.
(Egitarau osoa agendan dago)