Sinfonia kooperatiboa egitasmoaren sortzailea den Mondragon Taldeko Oñatiko kooperatibak dira domekako ikuskizunaren sustatzaile eta antolatzaile nagusiak, Mundukide Fundazioarekin elkarlanean. ULMA Taldearen eraikin nagusian egin dute gaur domekako ikuskizunaren aurkezpena eta han izan dira, ULMA Taldeko presidente Raul Garcia, LANA Kooperatiba Elkarteko presidente Mirari Zilaurren, Fagor Industrial Kooperatiba Elkarteko presidente Jone Urzelai eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateko presidente Aitor Bediaga.
"Herria lantegi eta lantegixa herri" dioen Jon Sarasuak Sinfoniarako idatzitako letra erabili dute antolatzaileek Oñatin kooperatibismoak hartzen duen garrantzia azpimarratzeko, eta gaineratu dute Humanity at Music, Sinfonia Kooperatiboa ikuskizun musikal bat baino askoz gehiago dela: "Kooperatibagintza aldarrikatzen duen egitasmo interkooperatiboa da, ondorioz, ekitaldia ere askotariko parte-hartzaileen elkarlanaren emaitza da. Ekainaren 9an iritsiko da Oñatira Sinfonia Kooperatiboa, eta herritarrok harrotasunez egingo diogu kantu historian, orainean eta etorkizunean hazi eta hezi gaituzten balio kooperatiboei”.
Oñatiko artistak, taularen gainean
Arrasaten eta Aretxabaletan egin duten moduan, oraingoan ere herriko abeslariei, bertsolariei eta dantzariei egin diete ikuskizunean parte hartzeko gonbidapena: "150 lagun izango dira taularen gainean: Arrasate Musikaleko 60 laguneko orkestraz gainera, Ganbara, Ganbara Txiki eta Hots abesbatzetako kideak, Oñatz taldeko dantzariak eta Iosu Igartua bertsolaria; horiekin guztiekin batera, Andoni Egaña bertsolaria ere izango da, berak lotuko ditu ikuskizuneko piezak.
Ikuskizuna San Migel parrokian 19:30ean eskainiko badute ere, aurretik, 19:00etan, Foruen plazan bertso-saioa egingo dutela aurreratu dute: "Andoni Egañak eta Iosu Igartuak giroa berotzeko saio laburra eta polita egingo dute plazan eta ondoren, parrokiarako bidea hartuko dugu ikuskizunarekin gozatzeko".
Sarrerak, bost eurotan
Domekan ekitaldia hasi baino 20 minutu lehenago erosteko aukera ere izango da parrokian; hala ere, badago aurrez eskuratzeko aukera ere: Humanityatmusic.com atarian, Txokolaterixan eta Udaltzaingoaren alboan dagoen txarteldegi digitalean.