ALBISTEAK

Izaro Elorza eta Mikel Biain gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek

Amaia Txintxurreta Guridi 2019ko mai. 22a, 12:41

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako kanpainaren barruan, solasaldia egin dute EH Bilduko alkategai Izaro Elorzak eta egungo alkate Mikel Biainek. Bertan bi protagonistak gertuagotik ezagutzeko aukera izan dute herritarrek, ez baitute hitz egin kanpainaren edota alderdiaren proiektuen inguruan, euren sentimendu eta bizipenak momentu hauetan zeintzuk diren ezagutzeko aukera izan dute herritarrek.

Aitor Abaroa moderatzailearen galderei erantzunez egin dute solasaldia EH Bilduko alkategai Izaro Elorzak eta Mikel Biain egungo alkateak, Oñatiko kultura etxean.

Baten hasiera, bestearen bukaera

Elorza alkategaiak adierazi du erronka “ilusioz” hartu duela. Proposamena jaso zuenean “sorpresa handia” izan zela beretzat eta hasiera batean ez zuela ezekorik esan. Patxadaz pentsatu ostean, etxekoekin eta lanean kontsultatu ostean, erronkari aurre egitea erabaki zuela adierazi du, “erronkazalea” dela aitortuz.

Biain alkateak, bestetik, solasaldian azaldu du “pozik” dagoela, “ilusioz” agintaldia bukatzeko. Azken bi agintalditan, zortzi urtez jardun baita alkate moduan. Gaineratu du etapa berri bati ekiteko gertu dagoela; maila pertsonalean ere “ilusioz” dago etxekoekin egoteko denbora gehiago izango duelako aurrerantzean. Eta “pozik” dago baita ere, jarraipena edo erreleboa "ondo" antolatu dutelako.

Biainek ondo egin dutenari buruz galdetuta, azaldu du uste duela izan direla gobernu bat "programa argi" bat izan duena eta "erabakiak hartu" dituena. "Erabaki batzuk polemikoak izan direnak, baina guk bagenekienak izango zuten polemika horiek eta onura publikoaren artean, onura publikoak irabaziko zuela", gaineratu du.

Martxan jartzen saiatu izan diren proiektuak ere izan dituztela gaineratu du, baina ez dituztenak erabat lortu. Transferentzia txostena egiten ere bagabiltzala esan du, egunero elikatzen ari diren dokumentu bat dutela, eta hor badabiltzala jartzen "hobetu edo bukatu" beharko liratekeen xehetasunak.

Bestetik, Elorzari galdetuta ea azken urtetan EH Bilduk herrian egin duen lana jarraitu al duen, esan du baietz, jarraitu duela, ez nahi bezainbeste ume txikiak dituela-eta, baina “garden” jokatu dutela alderdian, egin dituzten proiektuen “informazioa eman” dutela eta gaineratu du “begi bistan dagoela herrian egin duten lana”.

Urtarriletik, buru-belarri lanean

Elorza alkategaia urtarrilean hasi zen talde bileretan parte hartzen. Udal gobernuko taldearengandik informazioa jasotzen izan da ordutik eta gaineratu du herriko EH Bildukoekin ere harremanetan izan dela azken hilabeteotan. Informazio asko jasotzeko balio izan dio horrek guztiak.

Biain, Batzar Nagusietarako hautagai

Egungo alkateak, udal jarduna etengo du, baina politikagintzan jarraitzeko asmoa erakutsi du. Gipuzkoako Batzar Nagusietarako zerrendan joango da Deba-Urolatik. Lehen ere izan zen batzarkide 2011tik 2015era bitartean, eta oraingo honetan ere asmoa du berriro batzarkide izateko. "Nire esku dagoen ekarpena behintzat Batzar Nagusietan egingo dut", adierazi du.

Elorza, gogotsu

Domekako hauteskundeen ostean, alkate irtengo balitz zer egingo lukeen galdetuta, Elorzak azaldu du lehenengo euren talde dinamika zein izango den adostuko luketela. Gero, udaleko jendea ezagutuko luketela eta eragile desberdinetakoekin egongo liratekeela. Oraingo gobernukoek transferentzia txostena ere emango diete, eta horrekin eta euren programa hartuta, lehentasunak jarri eta horren arabera jokatuko luketela adierazi du.

Talde “sendoa eta herrian ibilitakoa” dutela gaineratu du Elorzak, “ilusioz eta motibazioz” dagoena eta “freskotasuna duena, baina oraingo taldearen esperientzia” ere baduena dutela azaldu du. Programa “aberatsa eta beste batzuen aldean ideia aurrerakoiak” dituena dutela azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak