Sinadura bilketa hasi dute 'Jare Kuartela' ekimenak antolatuta

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mai. 16a, 14:10

Erakundeei, politikariei, eskatu gura diete inplika daitezen Guardia Zibilak Oñatiko kuartela husteko ekimenean. Ekainaren 15ean egingo da Oñatin Jare Kuartela eguna.

Guardia Zibila Oñatiko kuarteletik joatea eta eraikina herritarren eskura uzteko ekimena da Jare Kuartela. "Pentsatzen dugu Oñatik etekin handiagoa aterako diola kuartelari eraikina hutsik egonda beteta egonda baino. Guardia Zibila iragan ilun batekin lotzen dugu, arrotza zaigu, ez diogu lekurik ikusten herrian eta eskatzen dugu kuartela hutsik gura dugula herritarrok gure intereseko kontuetarako", dio Aitzol Gandiagak.

Erakundeei gai honetan inplikatzeko eta gaia "serio" hartzeko eskatzeko sinadura bilketa hasi dute. "Jendea mugitzen den gunetan egongo gara: azokan, dendetan, taberna inguruetan...", dio Gandiagak.

Ekainaren 15ean egingo da Jare Kuartela eguna Oñatin. Ordura arte luzatuko da sinadura bilketa eta egun horretan erakutsiko dute herritarren aldetik jasotako babesa eta ospakizun ekitaldiak egongo dira Oñatin antolatzen ari diren jaiaren bueltan.

Atzo arratsaldean kultura etxean egindako prentsa agerraldian eman zuten Jare Kuartela ekimenaren berri. Bideo bat ere proiektatu zuten, ekimena babesten duten herritarrekin grabatutakoa. Datozen egunetan erakutsiko dute bideo hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak