Emakumeen Birako laugarren etapa Oñatin jokatuko da

Maialen Regueiro 2019ko mai. 2a, 18:47

Maiatzaren 22tik 25era bitartean jokatuko da aurtengo Emakumeen Bira eta laugarren eta azken etapa Oñatin hasi eta amaituko da. Txirrindulariek 156 kilometroko ibilbidea egin beharko dute egun horretan eta besteak beste, Udana, Untzilla eta Asentzio bezalako portuak igaro beharko dituzte. Lasterketa honen baitan, Emakumeen Birako antolatzaileek, Oñatiko Udalak eta Oñatiko Eskola Kirolak maiatzerako egitaraua osatu dute elkarlanean. 

Maiatzerako egitaraua

Hainbat ekintza antolatu dira maiatzean zehar egingo direnak. Lehena maiatzaren 11an izango da, Eskola kirolekoekin, bizikleta irteera, hain zuzen ere. Ondorengo ekintzak, maiatzaren 22tik aurrera izango dira. Egun horretan, mahainguru bat izango da, non Ahalduntzea gurpilen gainean izango den gaia. Bertan, hiru emakume izango dira gurpilen gainean izan dituzten esperientziez inguruan hitz egiteko. Hilaren 23an, eguena dela aprobetxatuz eta herria girotzeko asmoz, 'Bizi' potea egingo da. Hurrengo egunean, hilaren 24an, fitbike saio berezia antolatu da plazan eta eguraldi txarra egiten badu azokan egingo da. Azkenik, hilaren 25ean izango da egun handia, Emakumeen Birako laugarren etapa, hain zuzen ere. Txirrindulariak 13:30etan abiatuko dira plazatik eta 18:00ak inguruan lehena helmugaratzea espero da. 

156 kilometroko ibilbidea

Maila handiko txirrindulariak izango dira Emakumeen Biran eta laugarren etapan 156 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Oñatin hasi eta amaituko da etapa, baina Debagoieneko hainbat herrietatik igaroko da. Oñatitik Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzarantz egingo dute txirrindulariek. Eskoriatzatik bueltako norabidea hartuko dute eta Oñatira itzuliko dira Udana igotzeko. Era horretan, Legazpi, Zumarraga eta Ormaiztegi zeharkatuko dituzte, Atagoiti igotzeko. Atagoiti igota, Oñatirako bidea hartuko dute eta Arrasatetik berriro igarota, Aramaio aldera joango dira Untzillako portua igotzeko. Untzillatik Aretxabaletara egingo dute eta handik, Arrasaterako bidea hartuko dute. Arrasatetik Bergarara joango dira eta ibilbideko azken portua igoko dute, Asentzio, hain zuzen ere. Asentziotik Kanpazarrera hartuko dute eta handik Oñatira etorriko dira helmugaratzeko.

Boluntarioak

Antolakuntzatik adierazi dute, maiatzaren 25ean boluntarioak beharko direla etapako ibilbidean zehar. Horretarako, aurrez izena ematea komeni da hilaren 15a baino lehen. Parte hartu nahi duenak, Zubikoa Kiroldegira deitu dezake edota rlasagabaster@onati.eus helbidera mezu bat bidali. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak