ALBISTEAK

"Herria berriz martxan" jarri gura du Oñatiko EAJk

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko api. 11a, 12:35

Oñatik "lozorroan" ezin duela geratu adierazi du Ainhoa Galdos EAJko alkategaiak astean egindako ekitaldian: "Berriz martxan jarri behar dugu herria, erabakitasunez eta proiektu sendo batekin". Herritarrak, Egibar eta Olano izan ditu ondoan Galdosek.

Oñatin "lozorroan" ezin duela geratu adierazi du Ainhoa Galdosek, alkategai jeltzaleak, eta "aldaketaren aldeko hautua" egitera deitu zituen oñatiarrak: "Ordua da EAJk berriz lekukoa hartu eta alkatetzan berriz, Oñatirendako proiektu sendo baten gidaritza hartzeko".

Atzo, eguaztena, iluntzean MUk Oñatin duen enpresagintza fakultatean egin zituen adierazpenak hainbat herritarren aurrean. Ondoan zituen era berean Gipuzkoa Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar eta Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia.

Programa lantzen

Hautagai gisa "proiektu handi baten parten izan eta ekarpena egiteko" aukera sentitzen duela gaineratu zuen ekitaldian Galdosek, "eredu argi batean oinarritutako proiektuan: ekonomia sendo baten aldeko apustua, gizarte zerbitzuak eta ongizatea bermatuko dituena, alegia, EAJ-ren eredua". Maiatzeko hauteskundeetarako EAJk aurkeztuko duen programa lantzen ari direla esan zuen alkategai jeltzaleak baina zein proiektu nahi duten badakitela aurreratu zuen: "bizi kalitatea, inguru garbi eta atsegin batean, adin guztietarako Oñati, irisgarria eta guztiok kontuan hartuko gaituena".

Azken bi agintaldietan oposizioan egindako lanari buruz, "jarrera ireki eta kolaboratzailea" izan zuela ere esan zuen Ainhoa Galdosek eguazteneko ekitaldian eta hauxe gaineratu zuen EH Bilduk gobernatzeko izan duen moduaz: "EH Bildu majo aprobetxatu da jasotako herentziaz, eroso egin dute lan, baina den-bora ez da alperrik pasatzen eta ezker abertzaleak herri honetarako duen apustu eta anbizio falta gero eta nabarmenagoa da, eta begi-bistakoa da lekuko aldaketa baterako garaia iritsi dela".

Egibar eta Olano

Herritarren aurrean hitz egin zuen Ainhoa Galdosek, atzean babesa adierazi dion herritar talde bat zuela, tartean egun zinegotzi direnetako hainbat, izan direnetako batzuk eta aurreko hauteskundeetako zerrendetan aurkeztu izan diren herritar batzuk. Markel Olanok adierazi zuen "Gipuzkoa sendoagoa" lortu dela "kudeaketa zorrotz, eraginkor eta jasangarria" eginez. Eta Joseba Egibarrek ere kudeaketa ereduak garrantzia duela esan zuen, hauteskundeetako "klabea" hori izango dela gaineratuz, "han eta hemen, Oñatin, Madrilen edo Bruselan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak