Aitor Tatiegi, Gipuzkoako Eskolartekoan txapeldun

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2019ko api. 6a, 18:30

Lasturren jokatu zuten atzo, egubakoitza, Gipuzkoako Eskolarteko finala, eta saioa bukatu bitartean ez zegoen argi Aner Peritz Euzkitze zarauztarrak ala Aitor Tatiegi oñatiarrak eskuratuko zuen txapela; azkenean, Tatiegik irabazi zuen "saio orekatua" eginda, eta kide den Txinparta eskolako ordezkarien eskutik jaso zuen oroigarri preziatua.

Zortziko handian, txikian, lau oinak, puntua eta bakarkako bertsoa izan ziren egin beharreko ariketak, eta Tatiegi, orokorrean, orekatuena izan zela dio haren eskolako kide Iñaki Olaldek: "Bertan ginen askok horixe komentatzen genuen; ez zuen akatsik egin eta bakarkako gaian oso ondo sartu zen, lanerako baldintza oso egokiak eskaini ez zioten langile baten paperean sartuta bukaera borobila eman zion. Lasai egon zen saio osoan, eta hor izan zuen, nire ustez, bere indargunea".

Lehenengo postuetan izateko asmoarekin joan zela finalera dio Aitor Tatiegik, hala ere, aitortzen du ezustekoa hartu zuela txapela beretako zela jakin zuenean: "Saioa ondo hastea izaten da garrantzitsuena, eta halaxe egin nuen, lasai eta kontzentratuta abestu nuen, eta gozatu egin nuen. Bukaeran, Anerrek bigarren postua lortu zuela esan zutenean, harrituta geratu nintzen, ez nuen espero, eta poz handiarekin entzun nuen gero, nire izena".

Txapela, etxekoen eskutik

Urteetan zehar egindako ibilbidea eskertzeko, Oñatiko Txinparta Eskolakoei eskaini zien antolatzaileek irabazleari txapela janzteko aukera: "Eskolako hainbat kide joan ginen eta eskolako ordezkari moduan nik jantzi nion Tatiegiri txapela. Polita eta eskertzekoa da elkarteak eman digun aukera, eta politagoa oraindik, etxeko bati janztea!", dio Olaldek.

Lasturren finala jokatu zuten bertsolariak, antolatzailearekin eta Txinparta bertso Eskolako Iñaki Olalderekin. Argazkia: Txinparta Bertso Eskola.

Ekainaren 8an, Saran Eskolarteko finala

Urtero moduan, lurralde guztietako irabazleak batuko dira Saran jokatuko den Eskolarteko finalean, eta Gipuzkoako ordezkari bi izango dira, horien artean: Aitor Tatiegi eta Aner Peritz, Euzkitze.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak