Ainhoa Galdos Olazar zinegotzia izana da Oñatiko Udalean, bai gobernuan eta baita oposizioan ere: 2003tik 2015era –Andoni Gartzia eta Lourdes Idoiaga alkate zirela, EAJ, eta Mikel Biain alkate zela, Bildu–. Gipuzkoako batzarkidea ere izan zen bi agintalditan, 2007tik 2015era bitartean.
Piano eta koro irakaslea da Oñatiko Jose Azpiazu Musika Eskolan, eta erretiratuen etxeko Aloña abesbatzako zuzendaria.
Oñatiko alkate eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zen Eli Galdosen alaba.
Ohar bidez jakinarazi du Oñatiko EAJk, Ainhoa Galdos Olazar (Oñati, 1966) izango dela jeltzaleen alkategaia maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundeetan. "Prest gaude erronka horri heltzeko eta proiektu eta egitasmo berrien bitartez Oñati lagunkoiagoa, hezitzaileagoa, parte-hartzaileagoa, biziagoa, atseginagoa, irisgarriagoa, indartsuagoa eta parekideagoa eraikitzeko”, diote oharrean.
Eta hauxe gaineratu dute: "Ez da kasualitatea berriz ere emakume bat aurkeztu izana zerrendaburu, "benetan sinesten dugu berdintasunean eta urrats garrantzitsuak egin nahi ditugu zentzu horretan Oñatin, proiektu asko ditugu esku artean eta mila ideia berri ere ditugu oñatiarrrei aukera berriak eskaintzeko".
Alkategaiaren aurkezpen ofiziala datozen egunetan egingo dutela aurreratu du Oñatiko EAJk.