Herritarren Arreta Zerbitzua zabalik dago

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko mar. 12a, 12:13

Alondegitik  du sarrera eta hiru langile daude herritarrei zuzeneko arreta eskaintzen. Gune elektroniko bat ere badago hainbat tramite egin ahal izateko, eta baita bilera gela bat ere, udal langileekin eta ordezkariekin elkartu eta berba egiteko.

Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) izeneko zerbitzu berria zabalik dago udaletxean astelehenetik. Herritarrei ahal den informazio integralena, osoena, eman eta tramiteak egiten laguntzea du helburu.

Bulego bakarrean dena

Hiru langile daude bulegoan zerbitzu berri hori eskaintzen eta herritarrei laguntzen. Zuzeneko arreta jasoko dute herritarrek eta udaletxera joateko arrazoiak dakartzan eginbehar guztiak bulego horren bitartez bideratuko dizkiete aipatutako langile horiek.

Adibidez, herritarren batek etxean obrak egin behar dituenean, komuna berritu, esaterako, udaletxera joan behar du horretarako baimena eskatzera eta dagokion inprimakiak betetzera. Kasu honetan, zenbateko bat ordaindu behar du obra hori egin ahal izateko. Orain arte, banketxean egin behar zuen ordainketa eta berriro bueltatu behar zuen udaletxera ordainagiria entregatzera. Astelehenetik aurrera, baina, dena egin ahal du Herritarren Arreta Zerbitzuan, baita egin beharreko ordainketa ere. Herritarrek toki bakarrean egin ahal izango dituzte obra egiteko tramite guztiak.

Udaleko zerbitzu ezberdinen arteko lotura eta konexioa erabatekoa da bulego horretan eta zerbitzu berri honen bitartez departamentu ezberdinetako tramiteak toki bakarretik egin ahal izango ditu herritarrak.Informazio osatua Esaterako, familia ugaria duen herritar bat joan daiteke bulego horretara kiroldegiko hobarien gaineko informazioa lortzera. Kiroldegira joan beharrean, bulego horretan egin dezake tramitea. Gainera, hango langileek herritar horren egoera zein den ikusita, beste zein hobari dituen ere esango diote; informazio integrala eskainiko diote.Herritarrei tramiteak egiten erraztea eta ahalik eta informazio osoena ematea izango da bulego horren helburua, eta, hala, Udalaz gain, beste erakunde batzuek ematen dituzten laguntzen berri ere emango diete herritarrei. Esaterako, etxebizitzen alokairuaren gaineko informazio bila joan daiteke gazte bat bulegora, eta, Oñatiko Udalak duen programa azaltzeaz gain, beste erakunde batzuek gai horren inguruan dituzten laguntzen edo egitasmoen inguruko informazioa ere jasoko du.

Ordutegi zabala

Martxoaren 11n hasita egongo da martxan zerbitzu berria eta ordutegi zabala izango du. Aurrez aurreko zerbitzu zuzena goizeko ordutegian eskainiko dute, astelehenetik egubakoitzera, 07:30etik 15:30era.Baina aurrez aurreko zerbitzuaz gain, hainbat tramite konkretu egin ahal izateko bulego telematiko bat ere egongo da zerbitzugune berri horretan. Esaterako, errolda agiriak, zergen kopiak, ordainketak eta sarrera telematikoak aparailu elektronikoa erabilita egin ahal izango dira. Goizean ez ezik, arratsaldez ere erabili ahal izango da makina hori, asteko edozein egunetan, 15:30etik 20:30era.

Zerbitzu hori osatuko duen beste gune bat udal ordezkari edo langileekin bilerak egiteko lekua da. Aurrez eguna eta ordua zehaztuta, herritarrek bilerak egin ahal izango dituzte Udaleko edozein teknikari edo langilerekin, adibidez. Bestalde, hiri hondakinen zerbitzuari lotuta, kuboak edo olio-poteak jaso edo intzidentzien berri emateko, bulego horretara joan daitezke herritarrak 17:00etatik 20:30ak arte aste barruan.

Urtebeteko lana

Astelehenean jarritako zerbitzua martxan jartzeko protokoloa duela urtebete pasa hasi ziren lantzen, departamentu guztietako lanak lotuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak