Bederatzi bideo Oñati nolakoa den erakusteko

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko ots. 21a, 13:24

Gai konkretuei buruzkoak dira zazpi eta herriari buruzko informazio orokorra dute beste bi bideok. Turismo Sailak eta herriko eragileek erabiltzeko moduan daude. Hurretik egitasmoaren barruan sartu dituzte eta dagoeneko ikusgai daude sarean.

Alderik alde izeneko bideo sorta atera du Udalak, Oñati nolakoa den eta oñatiarrak egunerokotasunean non eta nola bizi diren erakusteko.

Bederatzi bideo dira guztira, bakoitzak hiruzpalau minutuko iraupena du eta hiru hizkuntzatan atera dituzte: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez. Bideoetako bi orokorrak dira eta besteak tematikoak, herriari lotutako zazpi gairi buruzkoak: natura, industria, euskara, historia, kultura, kirola eta turismoa.

Hurretik egitasmoaren barne

Turismo Sailak aprobetxatzeko modukoak, herriko curriculuma lantzen duen Hurretik egitasmoaren barruan ere tokia dutela uste du Nerea Zubia Hezkuntza zinegotziak, eta atari horretan eskegi dituzte bideoak, herriko eragileek ere ikusteko eta erabiltzeko. "Hurretik ez da bakarrik ikastetxeetan erabiliko den materiala. Ondare horren transmisioa ez dugu ikusten bakarrik ikasleengana mugatu behar denik, denok gaude formazio etengabean. Hurretik-en ezaugarri nagusia da eragin esparrua herri osora zabaldu gura dela. Uste dugu unitate didaktikoekin eta tertuliekin batera bideo hauek filosofia horren barruan sartzen direla eta aukera ematen digutela Oñati gertuagotik ezagutzeko. Baita Oñatira etorriko direnei ere", zehaztu du Zubiak.

Bideoen zabalkundea

Duela bi urte hasi ziren grabatzen eta abenduan bukatu zuten azken bideoa. Herriko kale, mendi, jaki, kirol, lantegi, erreka, ohitura eta pertsonen irudiak agertzen dira bideoetan eta narratzaile batek jartzen die ahotsa. "Hurretik gala egin zenean, hainbat herritarri elkarrizketak egin zitzaien Oñatiri buruz eta bideo sorta honetan ez da herritarrik entzuten. Osagarriak dira lehen egindakoak eta bideo hauek", dio Zubiak.

Bederatzi bideo horiek dagoeneko sarean eskegita daude, https://hurretik.eus blogean ikus eta entzun daitezke, baina beste bide batzuk ere erabiliko dituzte zabalkunderako. "Udaleko sare sozialen bidez, adibidez, astean behin edo maiztasun jakin baten barruan zabalduko ditugu bideoak. Ingurumen jardunaldiak aprobetxatuz, Oñatiko naturaren gainekoa izango da lehena", dio Irati Etxeberria zinegotziak. Asteburuetan egongo diren film emanaldien aurretik ere erakutsiko dituzte Alderik alde sortako bideoak, herriko zinema aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak