Bilduma izango denaren lehen atala aurkeztu dute

Eneko Azurmendi 2018ko abe. 20a, 10:42

Jerardo Elortzarekin berbetan liburua aurkeztu dute Oñatiko udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Iñigo Biain Berraondok idatzi du. "Elkarrizketa moduan dago liburu guztia. Izan ere, bera da protagonista eta erabaki genuen aproposena zela berak lehen pertsonan kontatzea eduki duen bizitza luze eta oparoan bizi izan dituenak", azaldu du. Bihartik aurrera egongo da salgai.

Lehen liburu honek Elortzaren biografiaren laburpen txiki bat jasotzen du, elkarrizketa formatuan. "Horretarako, Oinarri elkarte gastronomikoan esertzen ginen mahai batean, eta ia hogei orduko grabaketa egin dugu. Hori da liburuan jaso dudana", dio Biainek.

Idazleak dio aberasgarria izan dela Elortzarekin lan egitea. “Arazo bat dauka Jerardok: gehiegi daki. Lepo gainean daukan disko gogorrak ez dakit ze gaitasun daukan, momentu batzuetan ez sinistekoa ere izan da". Bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkie "prozesu honetan lagundu digutenei, erosiko duzuenoi eta erosi gabe irakurriko duzuenoi ere bai".

Elortza, pozik

Hainbat gai jorratzen ditu Elortzaren biografia txiki honek. "Ume garaitik hasi, gazte denborak, Saturraran eta Donostiako seminarioan egon nintzenekoak, ikasle garaikoak, Alemanian egon nintzenekoa eta gerora lan munduan izan ditudan zereginak, bai Bergarako ikastolan, UNED-eko euskara departamenduan, Eusko Jaurlaritzan egin ditudan zenbait lan, ETEOkoak eta erretiroa hartu nuen artekoak. Bueno, erretiroa hartu ostean egin ditudan lantxo batzuk ere agertzen dira", dio.

2018. urteak eman duenarekin pozik azaldu da Elortza, baina atseden apur bat behar duela ere aitortu du. "Aurtengoa lartxo izan da. Ekainekoa ezusteko galanta izan zen, ekintzaz jositako astebete luze bat izan zelako. Denbora asko hartu digu honek eta beste hainbat lan ere eduki ditut, eta badaukat gogoa datorren urtea iritsi eta patxada apur bat hartzeko. Dena den, pozik nago eta eskerrak eman nahi dizkiet bai omenaldia egin zidatenei eta baita liburu honetan lagundu didaten guztiei".

Bihartik aurrera salgai

Liburua bihar jarriko dute salgai, 10 eurotan, Txokolateixian eta herriko liburu-dendetan.

Bilduma honetan, dozena bat liburu inguru argitaratzea aurreikusten dute, guztiak ere Oñatiren historiari lotutakoak. Bigarren liburuari dagokionez, 60. eta 70. hamarkadan etorritako immigranteen ingurukoa izango da, eta martxo ingururako argitaratzea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak