ALBISTEAK

Izaro Elorza da EH Bilduko Oñatiko alkate izateko aurkeztu duten hautagaia

Jokin Etxebarria 2018ko aza. 29a, 20:05

Abenduaren 9a aurretik beste hautagairik aurkezten ez bada, ofizialki izendatuko dute 35 urteko oñatiarra alkategai, abenduaren 15ean.

Alkategaiak proposatzeko barne prozesua ari da egiten EH Bildu, eta Oñatin, Izaro Elorza Arregi aurkeztu dute gaur iluntzean Santa Ana antzokian, alkate izateko hautagai. 

EH Bilduren barne arautegiaren arabera, hamabost kidek babestu behar dute zerrendaburu izateko hautagaitza, eta Elorza babestu dutenen zerrenda eremu sozial zein instituzionaletan aritu diren hainbat pertsona ezagunek osatutakoa dela jakinarazi dute.

Gaur egun alkate den Mikel Biainek –agintaldia amaitzean bukatutzat emango du zortzi urteko lana Udalean– hartu du hitza lehendabizi ekitaldian. Arro sentitzen dela esan du, bi agintaldietan bere inguruan lanean izan dituen pertsonekin lan egiteko aukera izan duelako eta EH Bilduren proiektua are eta indartsuagoa dela gaur egun. Baina "momentu bat heltzen da, nolabait, proiektu berriei, erronka berriei, garai berriei, pertsona berriekin erantzuteko eta gure ustez, EH Bilduko Udal proiektu berrirako hautagai ezin hobea da Izaro Elorza".

Alkate izateko hautagaiak eskerrak emanez erantzun dio: "gauzak zail jarri dizkidazu Mikel". Berarentzat ohore bat dela ere aipatu hain esparru ezberdinetan lanean ari den jendearen babesa jaso izana eta EH Bilduk ordezkatzen duen kultura eta sentsibilitate desberdinen arteko ekintza-batasunak erakartzen duela ere adierazi du "ikusten baitut EH Bildu pertsona guztien eskubide sozialak, ekonomikoak, politikoak, kulturalak eta hizkuntzari lotutakoak bermatzeko tresna bat dela".

Datorren urteko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako EH Bilduk orain arte aurkeztu duen hautagai bakarra da Izaro Elorza. Abenduaren 9a aurretik beste inor aurkezten ez bada, hura izango da, automatikoki, alkategaia, eta abenduaren 15ean izendatuko dute ofizialki. Beste hautagairik egonez gero, primario prozesu bat egongo da eta abenduaren 29an ezagutaraziko dute alkategaia.

Izaro Elorza Arregik 35 urte ditu eta oñatiarra da. MVE, telekomunikazio, informatika eta ziber-segurtasun enpresako zuzendari teknikoa da egun, eta Ortuzabala eta Fiare banku etikoko bazkide da.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak