Oñatiko 2019-2020 udal aurrekontuetan zertan inbertitu erabakitzeko bozketa fasea zabalik da dagoeneko. Herritarren parte hartze prozesua maiatzean jarri zen martxan eta Udalak 376 inbertsio proposamen jaso zituen. Behin hauen hausnarketa prozesua egin eta bideragarritasunak landu ondoren, Oñatiko Udalak horietatik 38 aukeratu ditu.
Adibideak
Aukera horien artean, hiruzpalau multzotan sartzen dira ekarpen gehienak. "38 proposamen horietako asko dira bide segurtasunarekin, oinezkoekin eta bidegorriekin lotuta daudenak, adibidez. Beste asko dira ekipamenduarekin lotura dutenak, izan daitezke eserlekuak eskatzeko edo rokodromo txiki baten nahia, esaterako. Eta beste hainbat daude aisialdiari eta kirolari lotutakoak", adierazi du Partaidetzako udal teknikariak, Onintza Andresek, eguazten goizean egindako prentsaurrekoan.
Aukeren artean daude, adibidez: San Martingo eta Ugarkaldeko jolas parkeak estaltzea, errepide ertzetik doazen bidegorriak hesi batekin babestea, Lezesarri auzoan oinezkoendako bidea egokitzea, Olakuako kirol kantxa hobetzea, komun publikoak jartzea eta industriapabiloi hutsen erabilera aztertzea.
Hamar
Orain, herritarrei dagokie 38 proposamen horien artean euren gustukoena aukeratzea eta horren aldeko botoa ematea. Guztira, hamar proiekturen aldeko botoa eman dezake herritar bakoitzak. "2019ko eta 2020ko aurrekontuetan txertatuko dira herritarrek aukeratzen dituzten proposamen horiek. Bozka emateko bete behar diren baldintzak bi dira: Oñatin erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago edukitzea", esan du Aztiker enpresako Maider Zaldibarrek.
Bideak
Bozketa fasea urriaren 31ra bitarte egongo da zabalik eta oñatiarrek bozkatzeko bi modu izango dituzte aukeran: Udalak herrian banatu dituen eskuorrien bitartez edo udal webgunean sartuta. "Eskuorrien bitartez eginez gero, bertan markatu behar dira proposamenak, eta eskuorri hori postontzietan sartu behar da. Postontzi horiek daude udaletxean, kiroldegian, Eltzian, kultura etxean, gizarte zerbitzuetan, Pake Lekun eta gaztelekuan", argitu du Zaldibarrek.
Azaroaren 9an, emaitzen aurkezpen publikoa egingo dute.