Aurrekontuetako 500.000 euroko inbertsioak oñatiarrek proposatuko dituzte

Mireia Bikuña 2018ko api. 25a, 08:37

2019ko eta 2020ko aurrekontuetako zati bat herritarren eztabaidatu eta erabakitzeko partaidetza prozesua martxan ipini du Oñatiko Udalak. EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztu dute proposamena. Prozesuak lau fase izango ditu eta sei bilera ireki egingo dituzte, proposamenak jaso ahal izateko.

Guztira, 500.000 euro bideratu dituzte herritarrek proposatutako proiektuak gauzatzera. 250.000 euro 2019ko aurrekontuetatik, eta beste horrenbeste, 2020koetatik. 16 urtetik gorako edozein oñatiarrek egin dezake proposamena norbanako gisa. Ostean, proposamen guztiak aztertuko dira, biderragarritasun aldetik eta arlo ekonomikotik. Ahalik eta proiektu gehien babeste aldera, aurrekontu handia duen bakarra onartu da aldi bakoitzean. Hau da, 80.000 eta 120.000 euro arteko aurrekontua duen proposamen bakarra. "Herritarren beharretatik eta proposamenetatik abiatuta, Oñatiren beharrak eta etorkizunerako proposamenak zehazten joango gara prozesu honeta. Herri gisa ditugun beharrei denen artean erantzungo diegu", esan dute aurkezpenean.

Lau fase

Partaidetzazko aurrekontuen prozesuak lau fase izango ditu:

  1. Maiatzaren 7tik 24ra: herritarren proposamenak jasoko dituzte.
  2. Ekainaren 4tik 17ra: jasotako proposamenak herritarren aztertuko dituzte. Bilera irekiak egingo dira eta hainbat irizpide kontuan hartuz, proposamenak lehenetsiko dituzte.
  3. Balorazioa: politikariek eta udal langileek baloratuko dituzte proposamenak. Politikariek, prozesuan adostutako irizpideekin bat datozen aztertuko dute; eta, udal langileek, proposamen bideragarriak diren edo ez.
  4. Urriaren 8tik 28ra: herritarrek, boto bidez, aukeratuko dituzte aurrekontuetan txertatuko diren proposamen edo proiektuak.

Proposamenak, non?

Proposamenak hainbat lekutan egiteko aukera izango dute herritarrek. Alde batetik, sei bilera ireki egingo dira: hiru gaztelekuan, eta bana, Eltzian, Errekalde Herri Eskolan eta ludotekan. Beste alde batetik, gazteendako eta emakumeendako propio saio bana egingo dira. Gainera, etxe guztietara banatuko den informazio-orrian dagoen fitxa beteta egin daiteke proposamena, eta, ostean, eraikin publikoetan egongo diren postontzietan utzi. Azkenik, Oñati.eus/partaidetzazkoaurrekontuak atarian egin daiteke.

Prozesuaren kokapen metodologikoa

Parte-hartze kulturari bultzada emateko asmoz, elkarrekin aurkeztu dute EH Bilduk eta EAJk prozesua. "Herritarrek erakundeetan izan dezaketen parte-hartzea indartu gura dugu, horrek dakarren demokraziaren kontzeptuaren zabaltze ariketarekin: demokrazia zuzena, demokrazia parte-hartzailea eta ordezkatzailea uztartuz", esan dute aurkezpenean.

Prozesuak egin behar duen bidea egokia izan dadin, herritarrek osatutako Berme-taldea egongo da, gardentasuna bermatzeko. Bestalde, politikariek osatutako Jarraipen-batzordea ere egongo da lanean. Mikel Biain alkatea, Nerea Zubia, Irati Etxeberria, Lourdes Idoiaga, Amaia Erostarbe eta Marijo Etxegoien dira kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak