Milikuako plaka, Txillardegiren lana aitortzeko "lehen urrats garrantzitsua"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ira. 28a, 14:17

Maiatzeko osoko bilkuran Oñatiko udalbatzak aho batez onartu ostean, atzo jarri zuten Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren omenezko plaka Arantzazuko Milikua ostatuaren atarian. Oñatiko Udala izan da Txillardegiren lana aitortu duen lehen erakundea; Txillardegi Gogoan Herri Ekimenekoek uste dute Oñatiko esperientziak bide bat markatuko dutela etorkizunera begira.

Hemen ikerketa lanean jardun zen Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, idazlea, irakaslea eta politikaria, oñatiar jatorrizko senitartekoa eta euskara batuaren aita. Horixe da atzo iluntzean Arantzazuko Milikua ostatuaren atarian Txillardegiren omenez jarri zuten plakan irakurri daitekeena.

Familiarentzat egun pozgarria izan zen atzokoa, Txillardegik egindako lanaren aitortzan "urrats inportante" bat. "Oñatiko Udala izan da proposamena onartu duen lehena eta gaur gainera aitaren jaioteguna da. Ederra da hemen egotea, Milikuan, aitak horrenbeste maite zuen tokian. Lehenbiziko urrats bat da, inportantea, batez ere aho batez izan zelako. Horrek bide bat markatu dezake etorkizunerako; badirudi Donostian zailagoa dela, beste indar politiko batzuk daudelako eta ausardia falta delako", uste du Txillardegiren seme Joseba Alvarezek.

Harreman berezia Arantzazurekin

Txillardegik harreman berezia zuen Arantzazurekin. Arantzazun hartu zuen forma euskara batuaren proiektuak duela 50 urte eta hasiera haietan hantxe ziren Txillardegiren testuak, orduan erbestean zegoen-eta. 1956an egin zuen euskararen lehen aldarrikapen modernoa Txillardegik eta 1968rako Baionako errefuxiatuekin batera proposamena eginda zuen, gero Koldo Mitxelenak aurrera atera zuena. Gerora baina, 1978az geroztik, sarritan joan izan zen Arantzazura eta hango Milikua etxean hartzen zuen ostatu; Txillardegi etxeko beste senitarteko bat moduan tratatzen zuten Milikuan.

Oñatiko Udalak maiatzeko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Txillardegiren omenezko plaka jartzea baina Mikel Biain alkateak uste du erakundeek ez diotela merezitako aitortza egin.

Ekitaldi xumea bezain berezia

Txillardegi Gogoan Herri Ekimeneko Fito Rodriguez idazleak egin zituen ekitaldiko gidari lanak.
Koldo Izagirrek idatzitako testu bat irakurri zuen Rodriguezek, Txillardegi, toponimo iheskor bat gure geografian izenekoa, eta ondoren interbentzio ezberdinak izan ziren Txillardegiren figuraren inguruan. Igo zenetako bat izan zen Txillardegiren emazte Jone Forkada, eta bitxikeria pertsonal batzuk kontatuz irribarrea marraztu zien bertaratukoei.

Aurpegi ezagunen artean, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegi eta EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriarte bertan egon ziren, besteak beste.

Bukatzeko, familia argazkia atera zuten Txillardegiren omenezko plakaren azpian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak