'Txillardegi'-ren omenezko oroigarria jarriko dute Arantzazuko Milikua etxean

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko eka. 1a, 11:56

Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi'-ren omenezko oroigarri bat Oñatin jartzea adostu zuen atzoko osoko bilkuran udalbatzak aho batez. Arantzazuko Milikua etxean sarritan hartu izan zuen ostatu 'Txillardegi'-k eta hango sarreran, ezkerreko paretan, jarriko dute oroigarria. Udal Gobernuak, bestalde, babesa ema zion Lourdes Idoiaga zinegotzi jeltzaleari haren aurka agertu diren pegatinak direla eta.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren omenezko oroigarri bat Oñatin jartzea adostu zuten atzoko osoko bilkuran Oñatin. Arantzazuko Milikua etxean sarritan hartu izan zuen ostatu Txillardegi-k eta hango seme Anjel Mari Milikuak egin zuen proposamena, Txillardegi-ren senideekin hitz egin ondoren. Atzo egindako osoko bilkuran aho batez onartu zuten proposamena, txalo zaparradarekin onartu ere.

Gai hori tarteko, normalean baino herritar gehiago joan ziren atzo osoko bilkuren aretora. Euren artean zeuden Milikua bera eta baita Txillardegi-ren emazte Jone Forcada eta seme Joseba Alvarez. Txillardegi-k senideak zituen Araotzen eta Fito Rodriguez idazleak eskerrak eman zien zinegotziei Alvarez Enparantzaren omenezko oroigarria Oñatin jartzea adosteagatik, bere zuztarrak dauden herrian.

Arantzazun

Alvarez Enparantzak harremana zuen Arantzazurekin. Hantxe hartu zuen forma euskara batuaren proiektuak duela 50 urte eta hasiera horietan hantxe izan zen bera, bai, behintzat, bere testuak, bera erbestean zegoen-eta. 1956an egin zuen euskararen lehen aldarrikapen modernoa Txillardegi-k eta 68rako Baionako errefuxiatuekin batera proposamena eginda zuen, gero Mitxelenak aurrera atera zuena. Gerora baina, 1978az geroztik, sarritan joan izan zen Arantzazura eta hango Milikua etxean hartzen zuen ostatu. Horregatik pentsatu dute oroigarria hantxe jartzea, Arantzazuko Milikua etxearen sarreran, ezkerreko paretan.

Gai zerrendako bigarren mozioa Gipuzkoako aberatsenei zergak jaisteari buruzkoa izan zen, EH Bilduk aurkeztuta. Puntu horretan kontra bozkatu zuten jeltzaleek.

Eztabaidatutako gainerako puntuen artean, bestalde, uraren ziklo osoaren kudeaketa beste hamar urterako lotzea adostu zuen udalbatzak aho batez.

 

Galde erreguen tartean, Mikel Biain alkateak hartu zuen hitza lehenengo eta joan den asteburuan Lourdes Idoiaga zinegotzi jeltzalearen aurpegiarekin haren kontra agertu ziren pegatinen inguruan hitz egin zuen. Adierazi zuen kritika politikoa zilegi dela baina ez modu horretan, ez modu ‘koldar’ horretan, agerian baizik. Babesa eta elkartasuna eman zion Idoiagari Udal Gobernu osoaren izenean. Idoiagak eskertu egin zion hori.

Osoko bilkura amaitu aurretik, Lourdes Idoiagak hartu zuen hitza duela astebete eskas hildako Karmelo Arregi gogoan hartzeko. Idoiaga eta Arregi elkarrekin egon ziren udal jardunean, udalbatzako kide izan ziren biak baita ilegalizazio garaian ere. Hitz gutxiko baina hitz sakoneko pertsona zela adierazi zuen Idoiagak, hitzekoa eta ona. Senide eta lagunei samina adierazi gura izan zien. EH Bilduko zinegotziek bat egin zuten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak