Ikastetxera modu jasangarrian joateko juntalekuen ekimena aurkeztu dute

Eneko Azurmendi 2018ko ira. 17a, 12:57

Mugikortasun Astea baliatuta, Eskolako Bidea egitasmoaren baitan kokatzen den juntalekuen ekimena aurkeztu dute Oñatiko Udalak eta herriko hiru ikastetxeek. Ekimen honekin ikasleak ikastetxera oinez, patinetean edota bizikletan joatea sustatu gura dute. Hala, aurrerantzean 14 juntaleku izango dituzte ikasleek, herriko puntu desberdinetan.

2015-2016 ikasturtean jarri zuen martxan Oñatiko Udalak Eskolako Bidea egitasmoa, mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin. Ordutik, hainbat ekintza egin dituzte ikasleak ikastetxeetara modu jasangarrian joan daitezen.

Iaz, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek hausnarketa tailer batzuk egin zituzten, eskolara oinez joateko elkargune aproposenak zeintzuk diren identifikatzeko. Ondoren, Udalak teknikoki aztertu zuen, eta bideragarrienak aukeratu. Hala, 14 juntaleku izango dituzte ikasleek herriko puntu desberdinetan, baldosa batekin identifikatuta egongo direnak. "Gaur lehenengo baldosa jarri dugu hemen, Errementari Plazako kioskoan, eta astean zehar gainontzeko guztiak jartzen joango gara", azaldu du Nerea Zubiak, hezkuntza zinegotziak.

Jasangarria izateaz gain, oinez, bizikletan edota patinetean joatea onuragarria da ikasleentzat, Zubiaren esanetan. "Ikasleek euren autonomia garatzen dute, ikastetxerako joan-etorri horietan sortzen diren harremanak, osasungarria ere bada..."

Herriko hiru ikastetxeek egin dute bat ekimenarekin, eta horren garrantzia ere azpimarratu nahi izan du hezkuntza zinegotziak.

Hirigintza taktiko ekimena

Bestalde, eguaztenean, ikastetxe inguruak oinezkoendako txoko bilakatuko dira. "Normalean autoek presentzia nabarmena izaten dute inguru horietan, eta egun batez irudikatu gura duguna da autoak kenduta nolako espazioa geratzen den, espazio hori ikasleek modu osasungarrian erabil dezaten. Ea horrek hausnarketarako bide ematen digun, eta etorkizun batean egun batean baino gehiagotan ikusi ahal izaten ditugun espazio horiek", nabarmendu du Zubiak.

Ikastetxe bakoitzak bere erara antolatuko ditu eguazteneko ekintzak, egun osoan zehar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak