Dagoeneko abian da Oñatiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesua. Hiruzpalau urte iraungo dituela aurreikusten dute, baina gutxienez hamar urte barrurako planteamenduak jasoko dira bertan. Etorkizuneko Oñati, denon artean eraikitzea nahi dute Udaletik.
Bost fase izango ditu idazketa prozesuak eta lehenengoan daude orain; diagnostikoan. Bestelako gaiekin egiten den moduan, herriaren egungo egoeraren analisia egingo da. Horretarako, alde batetik, Sabai arkitektoak enpresa kontratatu dute eta horiek hainbat diziplinetako adituak dituzte.
Bestetik, 25 herritarrek osatutako Aholku Kontseilua sortu zuten legealdi hasieran. Izan ere, legez edozein hirigintza aldaketa arau dagoenean, Aholku Kontseilua batu egin behar da bere diktamena emateko. Eta hain justu ere, Aholku Kontseilu horretara, herritarrekin egingo dituzten parte-hartze ekimenetatik jasotako proposamenak iritsiko dira.
Herritarren parte-hartzea
Oñatiarrek aukera izango dute hilaren 24an 18:30ean Euskaldun Berrien Gelan egingo den saioan parte hartzeko. Eta urriaren 17an 18an ere goiz eta arratsaldez Foruen Enparantzan parte-hartzeko karpa irekia ere jarriko dute.
Bost fase izango ditu guztira prozesuak –diagnostikoa, aurrerakina, hasierako onespena, behin-behineko onarpena eta behin betiko onarpena–, baina Udaletik azpimarratu dute hasieratik jaso nahi dituztela herritarren iritziak eta parte hartzera animatu dituzte.