Abuztuko etenaldiaren ostean, pentsiodunak kalera atera dira berriro

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko ira. 4a, 13:40

Oñatiko pentsiodunek ekin diete berriro herrian astelehenero egin izan ohi dituzten elkarretaratzeak egiteari. Bi pankarta eskuetan dutela egin dute iraileko lehenengoa, eta uda aurretik martxan zeuzkaten eskaerak egiten jarraitzen dute.

Oñatiko pentsiodunek diote mobilizazioen "fase berri bati hasiera" ematen dietela orain, kontutan hartuta, aurretik egindako lanak merezi izan duela. Izan ere, adierazi dute azken sei hilabeteetan hiru puntu hauek lortu dituztela: pentsioen %1,6ko igoera, alarguntze-pentsioa kalkulatzeko oinarri-erregulatzailea %52tik %56ra igotzea, eta pentsio txikienak %3 igotzea.

Gaineratu dute euren pentsioen hazkundea, sistema publikoak berma dezakeela, eta ez hainbeste ugaritu diren pentsio pribatuen planek eta fondoek.

Hemendik aurrera, astelehenero egingo dituzte elkarretaratzeak Oñatin 12:00etan Foruen Enparantzan, eta herriko pentsionista guztiek batera egingo dituzte gainera aurrerantzean elkarretaratze horiek.

Arrasatekoek eta Bergarakoek ere bai

Bailarako beste herri nagusienetan ere ondorengo astetan berrekingo diete elkarretaratzeak egiteari. Arrasaten, hurrengo astelehenean, hilaren 10ean, egingo dute oporren bueltako lehenengoa, 12:00etan udaletxe azpian. Bergaran, berriz, San Martin jaien ostean, hilaren 17an, egingo dute lehenengoa, 12:00etan San Martin plazan. Eta Oñatikoek bestetik gogora ekarri dute eurek urriaren 8an, Errosaixo Bixamon egunez, ez dutela egingo.

Urriaren 1ean, egun handia

Agendan daukaten hurrengo ekitaldi nagusiena urriaren 1ean egingo dute, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunean, eta egun hori dela-eta egingo diren mobilizazioetan parte hartuko dutela aurreratu dute Oñatitik, nahiz eta oraindik Pentsiodunen Plataformak hartuko duen erabakien zain dauden.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak