Joxe Mari Bengoa oñatiarra irabazle Legazpin, Gipuzkoako artzain txakur txapelketan

Josu Bilbao 2018ko ira. 2a, 19:55

Iraileko lehen domekak, Kontxako estropaden lehen jardunaldiaz gain, Legazpin Gipuzkoako 50. Artzain Txakur txapelketa egongo dela esan gura du. Eta aurten ere, oñatiarrak izan dira protagonista nagusiak, izan ere, Joxe Mari Bengoak laugarren urtez jarraian lortu du txapela jartzea.

Joxe Mari Bengoaz gain, Migel Arregi eta Jose Luis Madinabeitia oñatiarrek ere parte hartu dute proban, Atauingo Aitor Tato eta Mutrikuko Javier Zubiaurrerekin batera.

Lehenengo ariketan, Madinabeitia eta "Bat" izeneko txakurra izan dira onenak 221 puntu lortuta. Lan bikaina eta azkarra egin dute, baita azken hiru txapelketetako garaile Bengoak ere. Azken honek, 204 puntu batu ditu "Eder" txakurrarekin. Hirugarren Tato ataundarra izan da "Nabar" txakurrarekin (193 puntu), eta laugarren Zubiaur "Txiki" txakurrarekin. Migel Arregi oñatiarrak ez du zorterik izan gaurkoan, "Argi" eta "Lagun" txakurrekin.

Bigarren probara, beraz, Madinabeitia, Bengoa eta Tato sailkatu dira. Azken honetan lan polita egin du Aitor Tatok, eta baita Bengoak ere. Madinabeitiak ordea ezin izan du proba denboraz bukatu.

Horrela, bi ariketak batuta Joxe Mari Bengoa eta "Eder" gailendu dira Gipuzkoako Txapelketan, laugarren urtez jarraian, 429 punturekin. Bigarren Tato eta "Nabar" txakurra izan dira 422 punturekin, eta hirugarren Jose Luis Madinabeitia eta "Bat", 300 punturekin.

Omenaldia

Legazpin ospatutako Artzain Egunaren bueltan Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkartea omendu dute. Elkateko bi ordezkarik jaso dute saria, biak debagoiendarrak, Estepan Plazaolak eta Joxe Mari Bengoak.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak