EH Bilduren komunitatea osatzea, sendotzea eta haritzea; eta Oñatirentzako etorkizuneko perspektiba zehaztea. Horiek ditu helburu alderdi abertzaleak apirilaren 21ean abian jarritako Harittu prozesuak, eta alderdiko kideek, eta prozesuan parte hartu duten hainbat herritarrek atzo egindako agerraldian, orain arteko ibilbidearen balantze "erabat positiboa" egin zuten.
Azaldu zutenez, zazpi lan-taldetan banatutako dozenaka herritarren lanarekin, lehen fase moduan herriko diagnostiko orokorra egiten ibili dira, eta diagnostikoa bera amaitu ez duten arren, dagoeneko 50etik gora eragile sozial, kultural eta sozioekonomikorekin bildu dira. EH Bilduko kideen esanetan, emankorrak izan dira bilerak: "Bilera horietan jaso ditugu eragile bakoitzak herritik eta herriarentzat aurrera eramaten dituen ekintzen berri eta ikusten dituzten zailtasun, behar eta gabeziak. Halaber herriko azpiegituren egoeraren inguruan dituzten iritziak. Guztiak oso baliagarri izango zaizkigu herriko diagnostikoa osatzeko".
EH Bilgunea
Harittu prozesua aurkeztearekin bat zabaldutako EH Bilguneak ere hein handi batean bere helburua bete duela nabarmendu dute: "Apenas izan da egunik Bilgunean bileraren bat egon ez denik. Gune honek gure kale eta harreman dinamikak biderkatzera eta parte hartzeko espazio berriak sortzera ahalbideratu digu. Ostiralero eskaini dugun herritarrentzako arreta zerbitzuak ere izan du eraginik eta irailean berriro jarriko dugu martxan.
Oñatiko EH Bilduk irakurketa positiboa egiten du egin diren hitzaldi zikloen eta gazte tribialaren inguruan. Era berean, berretsi egiten du herritar eta sektore gehiago biltzeko duen bokazioa, alderdiko kideen esanetan uste dutelako egitasmoa gehiengoen interesen aldekoa dela, eta etorkizunean aberastu egingo dela atxikimendu berriei esker.
Uztailaren 19an, kontzertua
Atzoko agerraldian azaldu zuten diagnostiko fasea amaitzear dagoela, eta udako oporretatik bueltan lanean jarraituko dutela. Eta iragarri zuten ikasturte politikoari amaiera emateko, uztailaren 19an kontzertua eskainiko dutela EH Bilgunean Kepa Zelaiak eta Mikel Ezkerrok.