Kantoikrit lasterketaren zazpigarren edizioa hilaren 14an ospatuko da

Oihana Elortza 2018ko uzt. 4a, 15:51

Uztailaren 14an, zapatua, jokatuko dute Kantoikrit piñoi finkodun kriteriumaren zazpigarren edizioa, 22:00etan; berrikuntzetako bat da Gold Sprint proba ez dutela egingo; bestalde, aurten ere streaming bidez egongo da ikusgai lasterketa.

Lehenengo bi edizioak Surf Fixed izenarekin egin zituzten, eta hirugarrenetik aurrera Kantoikrit izenpean. Aurten, beraz, zazpigarren edizioa izango du piñoi finkodun bizikleten lasterketak, hurrengo zapatuan jokatuko dutenak.

Ibilbidean ez da aldaketarik egongo. "Hasieran, zirkuituak hainbat aldaketa eduki zituen, baina azken urteetan dagoeneko finkatuta dago. Gainera, parte-hartzaile desberdinei galdetu izan diegu, eta oso iritzi onak jaso izan ditugu. 1,6 kilometro ditu zirkuituak eta hamabost itzuli egin behar izaten dituzte. Hala, 24 kilometroko lasterketa osatzen dute txirrindulariek", adierazi du Xabi Barrenak, antolakuntzako kideetako batek.

60 parte-hartzaile izango dira, gehienez, lasterketan. "Izan ere, zirkuitua ez da hain luzea eta txirrindulariak pilatu egin daitezke. Gainera, gogorarazi behar da lehenengoak txirrindulari bat harrapatzen badu, zuzenean kanporatua izango dela", azaldu du Barrenak.

Urtean zehar zazpi laguneko lantaldea aritzen da antolaketa lanak egiten, baina egunean bertan jende gehiagoren beharra izaten dute. "Ez gaude kexatzeko moduan; izan ere, urtero jende asko aritzen da laguntzen, bidegurutzeak kudeatzen, zirkuitua prestatzen, merchandising-a saltzen, eta abar. Benetan eskertzekoa da eskaintzen diguten laguntza, haiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako Kantoikrit aurrera eramatea".

Iaz streaming bidez emititu zuten lasterketa, zuzenean, eta aurten ere errepikatuko dute hori. "Oñatin bertan jarritako pantailei ez zieten kasu handirik egin herritarrek, baina etorri izan ezin zutenek asko eskertu ziguten. Beraz, aurten ere errepikatzea erabaki dugu". Hala, sare sozialen bitartez zabalduko dute webgunearen lotura.

Lasterketarako izen-ematea zabalik dago, Sailkapenak.com webgunean. "Normalean, azken lau egunetan ematen dute izena gehienek", dio Barrenak. Esan behar da Espainia mailako goi mailako txirrindulariek ere hartzen dutela parte lasterketan.

Gold Spint probarik ez

Hiru urtez egin izan dute Gold Sprint proba, gaztelekuan. Hala ere, aurten ez dute egingo. "Lehen urtean oso ondo joan zen; bigarrenean parte-hartzea asko jaitsi zen; eta hirugarrenean are gehiago jaitsi zen. Saiatu gara pentsatzen jendea nola erakarri, baina, egia esan, Kantoikritek berak nahiko lan ematen digu, eta nahiago dugu horretan zentratu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak