Oñatiko Udaletik Berdintasun Kontseilu bat sortu nahi dute, eta horretarako, prozesu parte-hartzaile bat diseinatu dute.
Zapatuan, lehenengo saioa
Parte-hartze prozesuaren lehenengo geltokia zapatu honetan bertan izango da, ekainaren 30ean, Eltzian 10:30ean. Saio irekia izango da eta helburua da beste herri batzuetako esperientziak ezagutzea. Hernani, Azpeitia edota Errenteriakoak ezagutzeko aukera izango da.
Beste hiru saio, udazkenean
Beste herri batzuetako esperientziak ezagutu ostean, udazkenean, hau da, irailean, azaroan eta urrian, beste hiru saio egingo dituzte. Prozesua dinamizatzen ari den Emun Aholkularitzako Olatz Irizarrek azaldu du, asmoa dutela hiru saio horietan gai hauek lantzekoa: "Lehenengoan, kontseiluaren oinarria finkatuko dugu; diagnostiko partekatu bat egingo dugu parte hartuko duten guztien artean, lankidetzak sortuko ditugu, eta saiatuko gara kontseilu horren helburuak, funtzioak, partaideak... erabakitzen. Bigarren saioan, funtzionamendua irudikatzen saiatuko gara; eragin-ahalmena, maiztasuna, gaiak... Eta hirugarrenean, bukaera emateko, saiatuko gara kontseiluaren proiektua bera definitzen".
Herritarren parte-hartzea
Kontseiluaren sorrera "emakumeendako ahalduntze ariketa bat" izateko asmoz sortu dela ere azaldu dute aurkezpenean, eta parte-hartzaileei dagokienez, "anitza" izatea nahi dute. Beraz, "berdinzale" guztiak animatu dituzte saioetan parte hartzera.