Hain zuzen ere Ganbara Faktoriak hilaren 29rako prestatu duten musika ikuskizuna egingo dute Kirrukua lorategian. Euskal mitologiari buruzkoa izango da. 125 pertsonako lantaldea osatu dute ordu eta erdi iraungo duen ikuskizuna aurrera eramateko: 40 abeslari, bost musikari eta 20 aktore eta beste 20 produkzio lanak egiten. Mitologiako 12 pertsonaia ere agertuko dira.
Kalean egitarauaren barruan joko duen beste oñatiar bat Juan Valls musikaria da. Horiez gain, baina, Gari eta Maldanbera zuzenean ikusteko aukera ere izango da, baita Portugaleko fadoak abesten dituen Soraluzeko Ventos de Saudade taldea ere.
Kultura espazio itxietan kontsumitzeko ohitura apurtuz, beste behin espazio irekietan egingo dira Kalean egitasmoko kontzertuak: Lazarraga eta Kirrukua lorategietan, Errementeri plazan, Atzeko kalen edo San Lorentzoko ermita aurreko plazatxoan esaterako. Eta asteburuan ez ezik, astebarruan ere izango dira ekitaldiak.
Irailaren 2ra arte luzatuko da aurtengo Kalean egitasmoa; familia guztiei zuzendutako ikuskizuna egongo da egun horretan Zirika Zirkus taldearen eskutik. Lehen ekitaldia baina, aste honetan bertan izango da, egubakoitzean. Jose de Azpiazu musika eskolako ikasleek urte amaierako kontzertua eta plazako dantzen saioa egingo dute Foruen plazan, 18:30ean.