Antolakuntzatik onartu dute aurkezpenean ez zutela hainbeste jende espero, eta "plazera" dela "horrenbeste jendek" aldarrikapen honekin bat egitea.
Argazki erraldoia atera aurretik, bideo bat erakutsi dute, 2011. urteaz geroztik Fan Hemendik mugimenduak izan duen bilakaera laburbiltzen duena. Horrez gain, bideoan hainbat kritika ere egiten dituzte eta Altsasuko gazteei ere elkartasuna azaldu gura izan diete. Azaldu dute ez dela berria "muntaia judizial eta polizialen erabilera Euskal Herrian” eta “argi gorri guztiak piztu” zirela Altsasuko hainbat gazteren aurkako sarekadaren harira. Aldarrikatu gura izan dute kartzela zigor “zentzugabe eta neurrigabeak” ezarri zaizkiela.
Egun osoko egitaraua
Maletak jarri, giza katea, marrazki bizidunak, antzerkia eta beste hainbat ekintza erabili izan dituzte Guardia Zibilari Oñatitik eta Euskal Herritik joateko eskatzeko, beti ere, manifestazio batekin lagunduta. Aurten ere eutsiko diote aldarriari, eta egun osoko egitarauaren baitan, manifestazioa ere egingo dute. Ondoren, kontzertuak egongo dira, Itziarren Semeak, Gadafiste Brothers, Gorpuzkingz, Broken Legacy eta DJ Elvis Cainoren eskutik.
Parte hartzeko deia
Adierazi dute Guardia Zibilaren presentziak ez daukala “inolako zilegizko justifikaziorik”, eta mugimenduaren aldarrikapenak eragile zein norbanakoen aldetik "inoiz baino babes zabalagoa izan dezan" animatzeko eskaera luzatu dute.
Sarrerak salgai
Bazkarirako sarrerak salgai daude Ona eta Arrano tabernetan. Langileek hamar euro, eta langabetuek sei euro.