Ganbara faktoria duela bi urte hasi zen proiektu hau lantzen, espresuki proiekturako sortutako testu eta musikarekin. Herriko eta inguruetako bertsolariak, idazleak eta abar aukeratu dituzte letrak sortzeko: Josu Zubia, Andoni Salamero, Andoni Goitia, Amaia Aranzeta eta Josune Lopez. Ondoren, hamar konposatzailek musika jarri diete letra hauei: Jabi Busto, Eva Ugalde, Josu Elberdin, Junkal Guerrero, Xabier Sarasola, David Azurza, Javi Ituarte, Iker Gonzalez eta Manuel Soler.
Joxe Miel Barandiaran euskaltzaleari omenaldi bat egin gura dio ikuskizunak. "Hori dela eta, historian zehar, bera irudikatuko duen pertsonaia bat egongo da zuzendari lanak egiten, berak eramango du ikuskizunaren haria", azaldu du Oihana Diazek, Ganbarako kideak.
Ikuskizunaren berrikuntza lekuan dago. Izan ere, Kirrukuako zelaietan egingo da. Hala, publikoa zelaietan kokatuko da. "Ikuskizunak XIX. mendeko baserri giroan murgilduko du ikuslea eta pertsonaia mitologiko ezberdinak arituko dira inguruetan".
Aitor Biain Ganbara faktoriako kideak azaldu du garrantzitsua dela euskal historia ezagutzea, eta horregatik aukeratu dutela gai hau. Bestalde, egindako dokumentazio lana ere nabarmendu nahi izan du. "Euskal Herrian pisu handia eduki izan dute pertsonaia mitologikoek, eta Oñatin ere bai. Hala, ikuskizun honetan Oñatiko istorioak ere kontatuko dira, dokumentazio lan bat egin delako. Zentzu horretan, bere aberastasuna dauka emanaldiak, herri mailako kondairak ere kontatuko direlako".
125 pertsonako lantaldea
125 pertsonako lantaldea osatu dute ordu eta erdi iraungo duen ikuskizuna aurrera eramateko: 40 abeslari, bost musikari eta 20 aktore eta beste 20 produkzio lanak egiten.
Bestalde, hamabi pertsonaia edukiko ditu ikuskizunak: Amalur, Mari, Sugaar, Urtzi, Sorgina, Aker Beltz, Jentilak, Basajauna eta Basanderea, Tartalo, Olentzero, Galtzagorriak eta Lamiak.
Horietako bi, Basajauna eta Basanderea, herriko kaleetan arituko dira bueltaka arratsaldean, joaldunekin batera, herritarrak ikuskizunaz gozatzera animatuz.
Eguraldiak baldintzatuta
Printzipioz, ekainaren 29an –barikua– egingo dute. Hala ere, aurreko egunetan eta egunean bertan egin dezakeen euriak baldintzatuko du hori. Hori dela eta, ekainaren 30era edo uztailaren 1era ere atzeratu daiteke emanaldia.
Sarrerak salgai
Ikuskizunerako sarrerak salgai egongo dira gaurtik aurrera. Bi modu egongo dira horretarako: online bidez, www.ganbara.sacatuentrada.es webgunean, edota Txokolateixian.
Aurrez erosiz gero, nagusiek 15 euro ordaindu beharko dute, eta haurrek 12 euro. Egunean bertan, nagusiek 18 euro eta haurrek 15 euro.
Eskerrak
Ganbara faktoriatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete Udalari eta lursailaren jabeei, eurengan jarritako konfiantzagatik. Nerea Zubia kultura zinegotziak, bestalde, eskerrak eman nahi izan dizkio Ganbarari Udalaren izenean, eta nabarmendu du plazer handia dela Kalean egitaraua herriko eragileekin osatu ahal izatea.