Azkenean bai. Iritsi da eguna. Ekainerako aurreikusita zegoen Ganbara faktoriaren Euskal mitologia, gure historia ikuskizuna, baina, eguraldi txarrak eta belarraren egoerak baldintzatuta, irailera atzeratu behar izan zuten. Orain, egoera bestelakoa da, eta emanaldia behar den moduan eskaini ahal izateko baldintzak betetzen dira. "Ekainean euri asko egin zuenez, lokatz asko zegoen, eta belarra ez zen lehortzen. Orain, azken asteetan eguraldi ona egin digunez, belarra lehor dago, baldintza onetan, eta, euri pittin bat eginda ere, ez litzateke arazorik egongo", azaldu du Aitor Biainenek, Ganbarako zuzendariak.
Itxaronaldiaren ostean, emanaldia estreinatzeko gogotsu daude dagoeneko. "Ekainean ez egin ahal izateak amorrua eman zigun. Izan ere, udako solstizioarekin erlazionatutako ikuskizuna da, eta zentzu handiagoa zeukan orduko hartan egiteak. Hala ere, testuinguruan sartzen da oraindik ere, eta emanaldia estreinatzeko gogoz gaude. Ea ondo ateratzen zaigun guztia", adierazi du.
Irailean, lan asko
Entseguei dagokienez, uztailean eta abuztuan etena izan dute, eta ondorioz, iraila hilabete gogorra eta lan askokoa izan da Ganbarako kideentzat. "Iraileko lehen astetik gogor entseatzen hasi gara, egunero. Izan ere, udako geldialdia nabaritu egiten da horrelako emanaldi bat prestatzen ari zarenean, eta, batez ere, oraindik ez duzunean estreinatu".
Eguaztenean eta eguenean egin dituzte azken entsegu orokorrak. "Eguaztenean guk bakarrik entseatu genuen, eta atzokoa entsegu teknikoa izan zen, musika, argiak, eta abar konprobatu ahal izateko".
Sarrerak salgai
Dagoeneko 500 sarrera inguru saldu dituzte, baina azken sarrerak gelditzen dira oraindik. Biainen esanetan, seguruenik, 600 pertsonarendako lekua izango da, azkenean. Hori dela eta, gaur egunean zehar Txokolateixian egongo dira salgai, eta leihatilan ere jarriko dituzte: 8 urtetik beherakoentzat hamar euro eta gainontzekoentzat, hamabi. Oraindik sarrera erosi ez duten herritarrei dei egin diete emanaldiaz gozatzera animatzeko. "Ikuskizun ezberdina izango da. Guretzako, lehenengo aldia da aire librean emanaldi bat eskainiko duguna. Kanpoan egiteak baditu bere arriskuak, gauza asko hartu behar direlako kontuan, baina, era berean, ikusgarria izango da".