Eguenean egin dute muralaren aurkezpen ekitaldia. Eta, ordutik, Zubikoa kiroldegiko eraikin berrienean dago ikusgai. Esan moduan, ez da mural berria. Zehatz esanda, 2016ko azaroaren 26an egin zuten herriko zenbait eragilek eta herrikidek. Are: Errekalde eta San Lorentzo auzoak lotzen dituen tunelean jarri zuten, "emakumeentzat arrisku gune kritiko" izaki. Eta bertan egon zen, norbaitek erre zuen arte.
Hala, gordeta izan dute ordutik, muralarekin zer egin erabaki bitartean. "Hausnartu ostean, uste dugu leku ikusgarri batean jartzea dela egokiena. Zubikoa egokia da horretarako; jende asko dabil hemen", azaldu du Lierni Arregik, Oñatiko sare feministako kideak. Gainera, badago muralarekin gertaturikoa ikusarazteko bitartekorik: azalpen plaka bat daroa alboan, gertatu zenaren inguruko azalpentxoarekin.