Itxura koloretsua hartzen ari da pixkanaka Oñatiko Eltzia eraikina; barruan gertatzen ari den bizitasun hori kanpoan islatu nahi izan dute Udaletik, eta eraberritze tratamendu bat eman ostean, orain murala margotzen ari dira Arte y Muralismo enpresako kideak.
Eltzekideak irudiarekin identifikatuta sentitzea zen Udalaren nahia, eta eltzekideek taldetxo bat sortu zuten gehien gustatzen zitzaien diseinua aukeratzeko. Hasierako zortzi diseinutatik hiru aukeratu zituzten, eta gero, asanbladan azken hiruen nahasketa bat egitea proposatu zuten. Kultura zinegotzi Nerea Zubia pozik dago, Eltzia kanpotik hartzen doan itxurarekin.
Proiektuaren dimentsioa kontutan hartuta, hiru fasetan zatitu dituzte lanak eta dagoeneko bukatu dute lehenengoa margotzen. Orain, bigarren faseko zatia margotzeko aldamioak jartzen hasiak dira. Eltziarako diseinuarekin hauxe adierazi nahi izan du Luis Olaso muralistak: “Helburua da forma abstraktuetatik hasita eta Eltziak logotipoan erabiltzen dituen koloreak kontuan hartuta, hemendik pasatzen den jendea konturatzea eraikin honetan zerbait gertatzen ari dela, eta atentzioa eman dezala, barruan egiten dena ezagutzera erakartzeko”.
Asmoa da ekaina bukaera ingururako guztia bukatuta egotea.
Gero, teilatua
Murala margotu ostean, egiteko geldituko litzatekeena da, teilatuaren zati bat eraberritzea. 2018ko Udal aurrekontuetan jasota dago hori ere eta orain esleipenerako baldintzak zehazten ari dira Udaletik.