Jerardo Elortzaren ibilbidea erdigunean, Kultura Aste "berezia" antolatu dute zenbait herritarrek. "Elortzak asko eman dio Euskal Herriko kulturari, hizkuntzari... Miresgarria da, era berean, herriko ondarearen alde egindakoa. Bere lana aitortzeko beharra ikusi dugu", aitortu du Kepa Elortzak, egitasmoaren bultzatzaileetako batek. Hala, era askotako ekintzak egongo dira ekainaren 1etik 9ra bitartean.
Eta harago joan dira antolatzaileak: "60ko eta 70eko hamarkadetan, dena lozorroan zegoenean, herriko ondarea berpiztu guran jardun zuten gainerako lagunak omentzeko ere balioko du egitasmoak". Esaterako, garai hartan sorturikoak dira Oñatz kultura taldea, Oñatiko ikastola eta herriko liburutegi batzordea. Kultura Astearen bultzatzaileek "euskal berpizkundearekin" lotzen dituzte halakoak.
Hori horrela, era guztietako ekintzak antolatu dituzte aste kulturalerako. Besteak beste, Elortzari buruzko erakusketa egongo da ikusgai kultura etxean, ekainaren 1etik 8ra bitartean; bere lana gizarteratzea da helburua. Eta bide berean antolatu dituzte gainerako ekintzak.
Besteak beste, Elortzaren ibilbidearen bueltako berbaldia egongo da. Urte askoan bere lankide izandako Juan Martin Elexpuru izango da hizlari; eta, horrez aparte, bere biografiari buruzko ikus-entzunezkoa eta Paulo Anduaga agustinoaren berbalditxoa izango dira –Elortzak agustinoekin izandako harremanaz jardungo du hark–.
Modu berean, 60ko eta 70eko hamarkadetan sortutako zenbait eragiletako ordezkarien mahai ingurua antolatu dute –Oñatz kultur taldea, herriko ikastola...–. Eta ikus-entzunezkoen emanaldia egongo da: Jerardo Elortzak esku hartutako lau film izango dira ikusgai.
Ekitaldi nagusia
Bestalde, Kultura Asteari amaiera "borobila" eman guran, bukaerako ekitaldia egingo dute ekainaren 7an. "Poesia errezitaldia, proiekzioak, musika tarteak... izango dira hitzordu horretan", diote bultzatzaileek. Eta herriko ikasketa zentroetako gazteek trenari buruz sortutako unitate didaktikoa ezagutzeko aukera ere izango da. "Jerardo Elortzaren lana herriko gazteengana gerturatzeko ekimena izan da hori", azaldu dute.
Liburu sorta
Gainera, Kultura Astera mugatu barik, aurrera begira jarriak dira egitasmoaren bueltakoak. Tartean, Elortzarekin batera egindako liburu bilduma argitaratu gura du Udalak. "Berak barruan duen ondarea gizarteratzeko balio dezake horrek", dio Mikel Biain alkateak.
Hurrengo egitaraua prestatu dute Kultura Asterako: