Udan egingo dituzte lanak Urgain Errekaldeko sotoan

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko api. 13a, 10:00

Sotoko hezetasuna kentzeko lanak hiru hilabete iraungo dute eta ekainaren hasieran hasiko dituzte. Hezkuntza Sailak eta Udalak hartuko dituzte euren gain obrak.

Aspaldiko kontua da Urgain Errekaldeko sotoan hezetasun arazoak daudela. Bada udan egingo dituzte obrak arazo hori konpontzeko. Ekainaren 1ean hasiko dituzte lanak eta 2018-2019 ikasturte hasi orduko bukatuko dituzte. Lanak egin ostean, aldagela eta biltegi moduan erabiltzeko sei lokal txiki, psikomotrizitate eta gimnasio gela bana eta erabilera anitzerako espazioa egongo da erabilgarri. Ikastetxeak ez ezik herriko talde ezberdinek erabili dute sotoa duela gutxira arte, tartean hainbat musika taldek eta Oñatz dantza taldeak.

Lan horien kostua Hezkuntza Sailak eta Udalak hartu dituzte euren gain. Baita aurretik teilatuan egindako lanena ere. 2017ko udazkenean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean izan ziren Oñatiko Udaleko eta Urgain Errekaldeko ordezkariak eraikinaren berri ematen eta duen arazoari buruz berba egiten. Pozik atera ziren bilera hartatik eta orain jaso duten konfirmazioa. Hala, Hezkuntza Sailak gastuen %60a ordainduko du eta Udalak %40a. Sotoko hezetasunak konpontzearen aurrekontua da 329.154,00 euro, teilatua inpermeabilizatzeko aurrekontua 57.650,45 euro eta teilatuan bizi-lerroa jartzearena, 7.955,00 euro.

Egingo diren obren gastuen %60 finantzatuko du Hezkuntza Sailak, 236.855,67 euro guztira. Beste zatia udalak hartuko du bere gain: 157.903,78 euro.

Duela bi agintaldi hasi ziren eraikineko leihoak aldatuz eraikina egokitzen. Aurreko legegintzalditik hona eraikin osoko berogailu sistema berriztu da eta leiho guztiak aldatu dira. Berregokitzapenarekin amaitzea 2018ko aurrekontuetan sartu zuen Udal Gobernuak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak