Beratu musika jaialdiaren antolatzaileak "pozik", helburuak bete dituelako

Iker Oñate 2018ko mar. 25a, 18:47
Audience musika talde gernikarrak eman dio bukaera egitarauari. Argazkia: Imanol Soriano.

Audience taldearen kontzertuarekin eman diote bukaera Beratu musika jaialdiaren estreinako edizioari. Eta, egitasmoa bukatu berri, balorazio baikorra egin dute bultzatzaileek; baztertu barik dute esperientzia errepikatzeko aukera. Dena den, Aste Santu ostean egingo dute balorazio osoagoa.

Audience taldeari zegokion Beratu musika jaialdiari bukaera ematea. Eurentzat ez da ohiko kontzertua izan, hasi ahalaz bat aitortu duten moduan: "Gabon esatera gaude ohituak. Gaurkoan, baina, eguerdi on esatea dagokigu". Eta adin guztietako ikus-entzuleak izan dituzte, familia giroa baitzen nagusi hitzorduan.

Zehatz esanda, Lazarragako lorategian egin gura zuten ekintza, baina eguraldiak ez du horretarako aukerarik eskaini, eta herriko Gaztelekura lekualdatu dute kontzertua. Dena den, horrek ez du Gernikakoen erakustaldia ekidin. Rock doinuez busti dute Gaztelekua; indartsu, halaber. Eta bertaraturikoek eskertu dute hori.

'Beratu Txiki'

Bestetik, neska-mutikoek Beratu Txiki egitasmoa izan dute gozagai: gailu elektronikoekin musika sortzen irakatsi die DJ Makalak. Bada, zenbait aplikazio erabili dituzte horretarako. "Gustura egon dira. Eta halako aplikazioak erabiltzen segitzeko gogoz bukatu dute saioa", azaldu dute bultzatzaileek.

Delorean eta Lumi, atzo gauean

Goizeko hausnarketa saioez aparte, zuzeneko musika emanaldiez gozatzeko aukera izan zen atzokoan –zapatua–. Hain zuzen ere, Delorean eta Lumi taldeen kontzertuek eman zioten bukaera egunari. "Ohikoak ez diren musika estiloak ekarri gura izan ditugu herriko agertokietara. Hori ere bagenuen ardatz: jendeari ohikotasunaz gaindiko estiloak entzuteko aukera eskaintzea", azaldu du Nerea Zubiak, kultura zinegotziak. Eta gaineratu du helburua ez zela "aretoak betetzea". Delorean eta Lumi taldeek ez zuten gaztelekua betetzerik lortu.

Jaialdiak emandakoarekin, "pozik"

Oro har, jaialdiaren bueltako balorazio osorik egin ez duten arren, baikorrak dira lehen inpresioak. "Esan dezakegu beteak ditugula helburuak. Oso gustura geratu gara jaialdiak eman duenarekin; egunotan maila handiko musika izan dugu gozagai", aitortu du Zubiak. Eta gaineratu du adin eta profil anitzeko jendeak esku hartu duela hitzorduetan. Hori ere bazuen helburu jaialdiak.

Bestetik, hausnarketa saioei ere egin gura izan die erreferentzia Zubiak: "Musika jaialdi emankorra izan da Beratu; eta, aberatsa, edukian. Besteak beste, alorreko profesional ugarik esku hartu dute musika industriaren inguruko hausnarketan. Eta aurrera begira Euskal Herriko musikagintzari baliagarri izan dakizkiokeen ideiak irten dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak