Abian da Beratu musika jaialdiaren azken txanpa

Iker Oñate 2018ko mar. 24a, 14:10

Hausnarketekin hasi dute Beratu musika jaialdiari bukaera emango dion asteburua. Hain zuzen ere, emakumeen ikuspegia erdigunean jarririk, musika industria izan zuten jorragai atzokoan–egubakoitza–; eta, gaur, ostera, alorreko profesionalentzat antolatutako hausnarketa saioekin hasi dute eguna.

Musik Fem mahai-inguruak eman zion hasiera asteburuari. Musikaren alor ezberdinetan diharduten emakumeak izan ziren saioko protagonista: Amaia Ispizua musika sustatzailea, Elena Caballero La Basu rap abeslaria, Ines Osinaga musikaria eta Lorea Argarate Las Tea Party taldeko disko-jartzailea. Ibilbidean bizitakoan oinarriturikoak azaldu zituen bakoitzak, baina ez zen euren arteko desadostasunik. Denon artean eraiki zuten diskurtsoa.

Hain zuzen ere, lau zutabe nagusiren bueltan antolatu zuten mahai-ingurua: kudeaketa, programazioa, agertokia eta publikoa. Eta, nork berean, baina guztiek nabari dute oraindik asko dagoela egiteke berdintasunaren bidean. "Hori pentsatzera garamatzaten detaile asko topatu ditugu ibilbidean, hasiera batean ikusezin irudi dezaketenak, tantaka-tantaka doazenak. Hori bai, tanta horiek guztiak min egitera hel daitezke", azaldu zuen Argaratek.

Bestetik, mahai-inguruko kideak jakitun dira musikaren alorrean egon den emakumeen parte hartzearen gorakadaz. Dena den, ez dira itsutu. "Goiko karguetan gizonezkoak dira nabarmen. Eta, bestela, sarri, teknikariek eta gisakoek geu baino kargu baxuagoan diharduten gizonezkoei egiten dizkiete galderak, geuri beharrean", aitortu zuen Ispizuak. Berdina gertatzen zaie musikariei. "Teknikariek gizonezkoak diren taldekideengana jotzen dute askotan. Jakin behar lukete geu ere taldearen parte garela, menperatzen dugula gaia", gaineratu zuen Osinagak. Gose taldeko abeslaria zen bera.

Horrez aparte, Martxoaren 8a ere izan zuten jorragai. "Orduantxe jasotzen ditugu deiak. Eta sarri esan digute emakume musikariak sartu gura dituztela egitarauan. Orduan galdetzen diot nire buruari: zergatik deitzen didate? Egiten dudana gustuko dutelako edo emakume naizelako?", esan zuen La Basuk.

Musikariak, "eskertuta"

Oro har, musikariak "eskertuta" dira Beratuk eskaintzen duen hausnarketarako aukerarekin: "Ederra da musikaren inguruko hausnarketak bultzatzeko espazioak izatea". Zehatz esanda, gaurko eguna ere horretan hasi dute musikariek: musika industriaren profesionalentzat antolatutako topaketak izan dituzte, Ahotsenean elkartuko gara izenpean. Beraz, solaserako eta hausnarketarako tartea izan dute Eltzian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak