Euren egoera zein den eta euren eskakizunak zeintzuk diren azaltzeko mozioa aurkeztu dute Oñatiko pentsiodunak atzo egindako martxoko osoko bilkuran. Eskaerak zeintzuk diren azaltzeko eta baita udalbatza osatzen duten bi alderdiek eskakizun horiekin bat egiteko eskatzeko. Osoko bilkuren aretoa bete zuten.
EH Bilduk zein EAJk biek egin zuten bat mozioarekin eta aho batez onartu zuten, eta gaiaren inguruan duten iritzia ere eman zuten.
EH Bildurendako irakasgaia da pentsiodunak kaleak hartu eta euren eskakizunak egiteko batu duten indarra, arazoa ez delako bakarrik pentsioa jasotzen dutenena, Mikel Biain alkatearen iritziz. Pentsio sistema bera aldatu beharrean dagoela ere uste du, pentsioena prebisio plan pribaturantz doan bidea dela ikusten du-eta. Eskaeren inguruan, zehazki gutxieneko pentsioa 1.080 euro izateari buruz, Biainek adierazi zuen orain arte ere egin direla hori lortzeko ahaleginak Gasteizko legebiltzarrean, baina ez dela lortu.
Alderdi jeltzaleko bozeramaile Lourdes Idoiagak ere sistema aldatu beharra dagoela ikusten du, eta hori posible dela iruditzen zaio. Horretarako baina, borondate politikoa behar dela dio, eta horixe ei da falta dena.EAJk pentsiodun alargunenengan jarri gura izan zuen fokua, ezkontidearen erdia pentsioaren erdia kobratzen dutelako gastuak berdinak izanda; eta SOVIA kobratzen duten emakume alargunek hori galdu egiten dutela ere azpimarratu gura izan zuen.
Udaletxeko osoko bilkuren aretoa bete egin zuten atzo Oñatiko pentsiodunak eta udalbatzako alderdi biek egin zuten bat euren eskaerekin; sistema aldatzea posible dela ere adierazi zuten.
Pentsiodunak pozik agertu ziren mozioa aho batez onartu zutelako baina egoera ez dela ona adierazi zuten eta eurena defendatzen eta eskatzen jarraituko dutela. Oñatin, esaterako, astelehenero egingo dute elkarretaratzea Foruen plazan, 12:00etan.
Gai zerrendako gainerako puntuen artean, etxebizitza tasatuak arautzeko ordenantzaren aldaketa onartu zuten alde bietako botoekin. Tasatutako hainbat etxebizitza hutsik daude Oñatin, ez dira saltzen. Aldiz, alokairuaren eskaerak gora egin duela ikusita, etxebizitza horiek alokairuan emateko aldatuko dute ordenantza. 2017ko likidazioa, Oñatz dantza taldearekin hitzarmena eta Atxintxiketan kirol elkartearen eta udalaren arteko lankidetza hitzarmena ere onartu zituen udalbatzak, aho batez.