Etxez etxeko zerbitzua 100 etxetara heltzen da

Oihana Elorza Gorostiza 2018ko mar. 9a, 12:37
Zerbitzu hori lizitaziora ateratzea onartu zuen eguenean udalbatzak, aho batez, ezohiko osoko bilkuran. Bestalde, otsaileko osoko bilkurako irudiekin eta han esandakoekin sare sozialetan zabaldu den bideoa salatu zuen alderdi jeltzaleak.
Etxez etxeko zerbitzua lizitaziora ateratzea onartu zuen, aho batez, udalbatzak eguazten arratsaldean egindako ezohiko osoko bilkuran. Maiatzean bukatzen da gaur egun indarrean dagoen kontratua, eta ordurako hurrengo esleipena prest egotea gura du Udalak.

Mendekotasunik ez duten adineko pertsonen zaintzara bideratutako zerbitzua da etxez etxekoa. "Herriko ehun etxetara heltzen da eta 22 lagunek dihardute. Etxearen garbiketa edo herritar horien garbiketa pertsonala egiten laguntzeko zerbitzua eskaintzen du, adibidez. 580.000 euro hartzen ditu urtean eta deialdi publikoa egitea eskatzen du horrek", adierazi zuen Mikel Biain alkateak bilkura amaitu ostean.

Egun zerbitzua eskaintzen duen enpresaren esleipena maiatzean bukatzen da. "Garaiz gabiltza oraindik. Hala ere, esleipen berria eman barik gelditzen bada, egungoak obligazioa du berria adostu arte zerbitzua eskaintzen jarraitzeko", gaineratu zuen Biainek.
 
Etxez etxeko zerbitzuaren lizitazioa zen osoko bilkura bereziaren puntu bakarra. Horren aurretik, baina, aurreko osoko bilkuraren aktaren onespenaren harira, hitza hartu zuen Lourdes Idoiagak, EAJko udal taldearen bozeramaileak. Otsaileko osoko bilkurako irudiekin eta han esandakoekin Irainak eta mehatxuak
izenburuarekin sare sozialetan zabaldu den bideoa salatu zuen. "Manipulatuta dago bideo hori. Gure erantzuna ba karrik ikusten da, alkateak guri esandakoari buruz. Erantzun gogorrak dira, guri esandakoak
ere gogorrak izan zirelako", esan zuen. Eta gaineratu: "Honek herrigintza osoari egiten dio kalte. Osoko bilkura herritarren erabakiak hartzen diren foroa da eta hori manipulatzea etika falta ere bada. Guk ez diogu inori eskatu salaketarekin bat egiteko, baina guk lanean jarraituko dugu herritarren interesak defenditzen". EH Bilduk ez zuen ezer erantzun. "Ez dakigu nork egin duen eta ez dagokigu guri baloratzea.
Ezer ez esatea erabaki dugu, eztabaida handiagotu ez dadin", adierazi zuen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak