Iaz zapatu arratsaldetik domeka goizera pasa behar izan zuten duatloia baimenak lortzeko izandako zailtasunengatik. Aurten, domeka arratsaldean egiteko konpromisoa ere bazuten triatloi taldekoek, baina, data gainean izanik baimen barik zeudela ikusita, 27. duatloia bertan behera uztea erabaki zuten aurreko egubakoitzean.
Zirkulazio arauak aldatu zirenetik, arazoak handitu egin dira halako probendako antolatzaileendako. Elorregitik Oñatira arteko errepidea erabat itxita egon behar zen ordu eta 40 minutuz. Hori horrela, iazko duatloiak balorazio negatiboa jaso zuen alor horretan. Bestalde, halako lasterketa bat egutegian kokatzeko arazoak daude. Asko direlako bizikleta gainean egiten diren probak.
Duatloi txikia lehen aldiz
Nagusiendako duatloia bertan behera geratu izanagatik ere, gaztetxoendako duatloia egingo dute lehenengoz, martxoaren 17an. Benjaminendako, alebinendako eta infantilendako duatloia izango da. Lehen bi lasterketak neutralizatuak izango dira. Infantil mailakoena, lehiakorra eta sailkapenarekin.