Euskal Memoria fundazioaren arabera, 1960. urtetik 5.657 kasu izan dira Euskal Autonomi Erkidegoan eta Paco Etxebarria auzitegi medikuak eta haren lantaldeak egindako ikerketak 3.400 pertsonek jasandako lau milatik gora ebidentzia jarri zituen mahai gainean Tortura: 1960-2014 izeneko ikerketaren behin betiko txostenean. Debagoienean 162 tortura salaketa izan dira, horietatik 60 Oñatin, eta elkarretaratzea egin zuten atzo Foruen Plazan. "Tortura salatzeaz gain, torturatuendako justizia eta erreparazioa eta bizi izan duguna ez errepikatzea eskatzen dugu", dio 1995ean atxilotua eta torturatua izan zen Jose Mari Zugastik.
Pozik Estrasburgoko epaiarekin
Aste honetan bertan Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 2008an Arrasaten atxilotu zituzten ETAko kide Igor Portu eta Mattin Sarasolari tratu txarrak emateagatik Espainia zigortu izana positiboki baloratzen du Zugastik: "Aho batez esan dute tratu txarrak jaso zituztela eta hiru epailek tortura hitza aipatzen dute. Positiboki baloratzen dugu".
Horrekin guztiarekin Euskal Herriko gatazka politikoaren kontakizun osoa idatzi behar dela uste du 1995ean atxilotua eta torturatua izan zen Zugastik. Salbuespen egoera mantentzen den bitartean tortura arriskua hor egongo dela dio. Halako bizipen bat gainditzen ez dela ere gaineratu du. "Han bizi izandakoa ez da gainditzen, egunero daukat presente. Horrekin bizitzen ikasten da".