Lehiaketara atera da Eltziako tabernaren kudeaketa

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko urt. 12a, 15:30

Oñatin, atzo iluntzean, ez ohiko osoko bilkura egin zen, puntu bakarrarekin: Eltzian dagoen tabernaren kudeaketa lehiaketara ateratzeko pleguak onartu ziren, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zen Eltziako tabernaren kudeaketa lehiaketara ateratzea. EAJtik azaldu zuten Eltziako tabernaren proiektua beharrezkoa ikusten dutela, baina ez dutela onartzen nola eraman den prozedura, halaxe adierazi zuen EAJko bozeramaile Lourdes Idoiagak: “Guk tabernarekiko ez daukagu arazorik. Gure kexa izan da prozedura nola eraman den, horrez gain, badaude gauza batzuk ados egon ez gaitezkeenak, baina guk esentzian ez daukagu inongo arazorik. Gertatzen dena da, prozedura barik eta batzordetik pasa barik, esan duguna dela ez dugula bozkatuko. Botoa ez emate horrek ekarri du abstentzioa, baina gu ez gaude tabernaren kontra”.

Gaia aho batez onartu ez izanaren aurrean, Kultura zinegotzi Nerea Zubiak pena adierazi zuen eta hauxe gaineratu: “Prozeduretan ez dugu legez kanpoko ezer egin, eta gainera, eurek onartu duten moduan batzorde askotan landu den gaia izan da. Horrek sortzen diguna da halako susmo bat paralizatu nahi dela gai hau, ez dugu oso ondo ulertzen arrazoia”.

Eltziako taberna

Kontuak kontu, Eltziako tabernaren kudeaketa lehiaketara ateratzea onartu da eta bertara aurkeztu nahi dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte: gutxienez, taberna-kafetegi zerbitzua eskaini beharko luke; jatekoak emateko aukera baloratu egingo litzateke, sukalde handi bat ere badagoelako; eta ordutegiari dagokionez, astean zehar arratsaldetan zabalik egon beharko litzateke eta zapatutan goiz eta arratsaldez ere gutxienez zabaldu beharko litzateke.

Esleipendunak ordaindu beharreko kanona edo alokairua, berriz, 50 eukokoa izango litzateke hilabetean.

Puntua atzo onartu ostean eta boletinera bidali eta gero, 40 eguneko epea zabalduko da proiektuak aurkezteko eta epaimahaiak baloraziorako tartea izango luke. Udaberrirako zabaltzea da asmoa. Hau adierazi du Zubiak: “Guri gustatuko litzaiguke udaberri alderako ea zabalik dagoen. Izan ere, hau gehiago luzatu nahi ez izatearen arrazoia baita bai izan da Eltziako jarduna dagoeneko martxan dagoela, obrak bukatu dira, taldeak bertan finkatu dira, dinamika hori bertan martxan dago eta taberna uste dugu proiektuaren osagarri inportantea dela”.

Eltzia

Estrukturari dagokionez, halaxe dago banatuta egun Eltziako eraikina: “Beheko solairuan, sotoa deitzen diogun solairu horretan Musika Eltzia eta biltegiak daude. Zero solairuan, klaustroaren solairua da eta hor egongo lirateke taberna, Lagun Leku jubilatuen elkartea eta Gorpuz Eltzia. Eta goian, Sormen Eltziakoak egongo lirateke”, esan du Zubiak.

Abenduan, obra ofizialki bukatutzat eman ostean, talde gehienak mugitu dira Eltziara. Orain, talde bakoitza bere espazioa txukuntzen ari da eta eltzekideak hausnarketa prozesu batean hasi dira, espazio komunei zein izaera eman erabakitzeko.

Udalari dagokionez, egiteko faltako liratekeen lanak izango lirateke: fatxada txukuntzea, eta horretarako eltzekideekin mural diseinu bat egingo da barruko dinamika aldatu den heinean, kanpotik ere hori erakusteko helburuz; eta oso ondatuta dagoen teilatuaren zati bat ere konponduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak