Ikusgarria izan zen Euskadik eta Marokok jokatutako lehia. Bi estilo ezberdin. Bi talde ezberdin. Euskadikoa, talde gaztea eta gorpuzkera txikikoa. Maroko, jokalari altuenik eta gorpuzkera handiarekin.
Dena den, Euskadik menderatu zuen lehen zatia. Joko azkarra eta erasokorra eginez, hobeto moldatu zen Zubikoara. Gainera, gol asko egin zituen Etxabururen taldeak eta bost goleko errentarekin joan zen aldagelara: 17-12.
Bigarrena, motelagoa
Bigarren zatiko jokoa oso bestelakoa izan zen. Nahasia une askotan. Bi entrenatzaileek hainbat aldaketa egin zituzten eta horrek eragin zuzena izan zuen bi taldeetan. Bereziki, Euskadin. Nahasketa hori baliatu zuen Marokok markagailuko desabantaila murriztu eta gol batera ipintzeko: 21-20, 45. minutuan.
Une hartan, Marokoko taldea izan zen erabat nahastu zena. Jokalari bat gutxiago zutenean, atezain barik jokatu zuten erasoan. Horrek dakarren arriskuarekin. Orduan hartu zuen partiduaren kontrola Anaitasuna taldeko Erik Balentziaga zarauztarrak. Bide zuzenetik eraman zuen Euskadi, garaipena lortu arte.
Hori horrela, partiduko jokalari onena izendatu zuten. Saria jaso zuen Euskadiko Eskubaloi Federazioko presidente Jose Manuel Ruiz de Cenzanoren eskutik.
Kauldi Odriozola barik
Bidasoa taldeko jokalaria da Euskadiko selekzioko izar nagusia. Bada, atzo, ez zen Oñatiko lagunartekoan egon, sari bat jaso behar zuelako Donostian. Lezoko gaurko lagunartekoan bai egongo da.