Domekan emango diote hasiera, Oñatin, Musikegunak zikloari. Hala, azaroko lau domeketan kontzertu edo ikuskizun bana izango da Santa Ana aretoan. Guztiak, iluntzeko 19:00etan hasiko dira eta sei euroko sarrera izango dute. Kultura zinegotzi Nerea Zubiak eta kultura teknikari German Meabebasterretxeak aurkeztu dute zikloa asteon.
Oñatiko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin antolatutako musika zikloa da honakoa, eta antolatzaileek Donostiako Musika Hamabostaldiaren gidaritza jasotzen dute egitaraua osatzeko orduan. Egitarauak, aurten, bi zati izango ditu. Meabebasterretxeak azaldutakoaren arabera musika klasikoari eskainitako kontzertuak izango dira azken biak. Duo Sarasatek eskainiko du bata hilaren 19an, eta Soinuaren Bidaia du izena hilaren 26koak. Schubert, Brahms, Bartok edo Tchaikowski izango dira bertan entzungai.
Fusiotik eta diziplina nahasketatik gehiago izango dute lehenengo bi emanaldiek. Hilaren 12an Garden diskoa aurkeztuko du Alos Quartet soka taldeak, eta Aukeran dantza konpainiarekin egindako ikuskizuna iragarri dute. Dantza ezberdinen atmosferak eta erritmoak agertuko dira bertan: arin arinetik tangora, fandangotik vals eztietara edo doinu lasaietatik erritmo indartsuetara.
Aste honetako emanaldia Khami taldeak egingo du. Euskal folkloreak munduko beste zenbait folklorerekin dituen parekotasunak aurkeztuko dituzte, eta maila oso oneko euskal interpreteak izango dira Oñatin. Esaterako, Iñaki Salvador, Garikoiz Mendizabal, Kike Arza edo Luis Jimenez.
Programak, aurten, 15.000 euroko aurrekontua du. Sarrerak, berriz, salgai daude bibe.me atarian. Kontzertu egunetan ere ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko dute Santa Ana aretoko leihatila.