Aho batez onartu zituzten Oñatiko 2018ko ordenantza fiskalak, atzo egindako ezohiko osoko bilkuran. Zerga eta tasa gehienek KPIak markatzen duen %1,5eko igoera izango dute.
Aipatutako irizpide orokor horretatik aparte, badaude berritasun batzuk, baina ez dira asko. Berritasun horien artean dago, esaterako, ibilgailu elektriko eta hibridoen trakzio mekanikoko zerga horretan hobariak izango direla; %75eko hobaria hibridoetan eta %95ekoa elektrikoetan.
Enplegu alorrari dagokionez, jarduera berri bat zabaltzean ordaintzen den lizentzia edo tasa horretan %40ko hobaria aplikatuko da. Eta Olaburun dabiltzan ekintzaileek ere izango dute hobaria, hauxe adierazi zuen Oñatiko alkate Mikel Biainek: "Olaburun dauden jarduera berriak, euren izaera ekintzaile hori kontuan izanik, orain arte ez dira aktibitateetan zerga edo ordenantza mailan alta eman izan. Hemendik aurrera, alta emango dira aktibitate guztietan Udalak ere kontrol bat eraman dezan, baina %100eko hobaria izango dute Olaburuko zentroan alta ematen diren jarduera berri horiek".
Ordenantza fiskaletan zeuden beste zerga batzuetan ere bazeuden hobari batzuk, esaterako, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen zutenek, gutxiago ordaintzea ondasun higiezinen gaineko zergan. Orain baina, horiek kendu egingo dituzte ordenantzetatik eta diru laguntza bihurtuko dituzte.
EAJko bozeramaile Lourdes Idoiagak atzo egindako ezohiko osoko bilkuran gaineratu zuen, zaborrari dagokionez, 2013tik gaur egun arte defizit handia egon dela, iaz %10eko igoera egin zela herriko tasetan, ordura arte 200.000 euroko defizita zegoelako. Egun Mankomunitateko kostua familiako 131 euro urteko baldin bada, EH Bilduren proposamena izan zen 111 kobratzea familia bakoitzari, eta EAJtik adierazi zuten nahiago zutela igoera bortitzik egin gabe, poliki-poliki igotzen joatea, estaldura hori ematen jarraitzeko. Beraz, proposatu zuten urtean bi euro inguru gehiago ordaintzea, hau da, 113 euro inguru.
Adostasun horiek lortuta, gainontzean ez daude aparteko aldaketarik.