San Migel –irailaren 29a– eta Errosaixo egunek –urriko lehen domeka– zehazten dute Oñatiko jaietako egutegia urtero. Aurten, Errosaixo Egunari urriaren 1a egokitu zaio; horren ondorioz, Herri Eguna irailaren 30ean ospatuko da; San Migel egunaren jarraian, hain justu ere.
Berrikuntzak
Txantxikuaren jaitsierarekin jaiei hasiera eman aurretik, Entre cuatro tiempos ikuskizuna eskainiko du Laglo Zirkdantza & Compañia taldeak San Migel parrokiako kanpandorrean. Natura aldatzen doan heinean aldatzen doan dantza bertikala da. Zuzeneko musika pieza bakarrarekin, munduaren txoko honetan bizi diren lau urtaroak igaroko dituzte zintzilik dauden lau gorputzek. Uraren jariakortasuna, haizearen zoramena, haizearen laztanak eta pertsonen alderik basatiena kanporatzen duen suaren energia.
San Migel egunerako, aurten, lehen aldiz, berakatz-zopa lehiaketa antolatu dute. Portu plazan egingo da, 12:00etan. Egun berean izango dira, batetik, Oñatiko historia ezagutzeko antzezlana, Olaitturi kultur elkartearen eskutik; eta, bestetik, Ken Zazpi talde ezagunaren kontzertua.
Etxaluzeko haur parkea ere San Migel egunean jarriko da, bai goizez eta bai arratsaldez, urteroko moduan. Baina, horretaz gain, Errosaixo Egunean gaztetxoentzako abentura parkea jarriko dute, Errementari plazan. 12 urte arteko haurrentzako ekitaldi bereziak eskainiko dira: tirolina, rokodromoa, puzgarriak, eskulanak, oreka tailerra.... Txorimaloekin argazkiak ateratzeko aukera ere egongo da.
Gaueko piroteknia ikuskizunak ere aldaketa dakar, ibiltaria izango baita. Scura Splats antzerki taldeak Theos Foc ikuskizuna ekarriko du, kaleak kolorez eta txinpartaz beteta. Ibilbidea Korreosko eraikinetik plazara izango da; amaiera ekitaldia plazan bertan egingo da.
Sokamuturra egun bakarrean
Bi egunetan egin ohi da sokamuturra, bata San Migel egunaren ostean, eta bestea, Errosaixo Bixamonean. Aurten, baina, Herri Eguna San Migel egunaren jarraian denez, sokamuturra urriaren 2an bakarrik izango da; Errosaixo Bixamon egunean, goizez eta arratsaldez.