Parekidetasuna: Kilometroak jaiaren ardatzetako bat

Ubane Madera 2017ko ira. 11a, 11:00

Kilometroak 2017 jaiko Parekidetasun taldea.

Hiru puntu more izango dira Oñatin irailaren 24ko ikastolen festan: Asentzion, Foruen plazan eta Santa Lutzian. Txosnetan, berriz, sirena moreak jarriko dituzte: "Erasorik onartuko ez dugula eta haiei erantzun egin behar zaiela gogorarazteko".

Sirena morea ikur dutela, Eraso sexistei erantzun! leloa baliatuta, eta ikusita "askotan ezkutuan, isilpean" geratzen direla eraso sexistak, "bai larriak, bai sotilagoak diren eraso, diskriminazioak, ere", Kilometroak 2017 jaian indarkeria sexistari aurre egiteko protokolo eta kanpaina landu du parekidetasun lantaldeak.  

Horren emaitza zehatza irailaren 24an bertan ikusiko da: hiru puntu more ipiniko dituzte, informazioa eman eta materiala banatzeko: "Bertan egongo garenak eraso eta diskriminazioez hitz egiteko prest egongo gara, zalantzak, iradokizunak, eta abar komentatzeko. Edozein eraso jasan edo ikusiz gero, asko eskertuko genuke puntu moreetan honen berri izatea, guk gertatu dela kontuan har dezagun, eta, beharra egonez gero, edozein egoerari aurre egiten laguntzeko prest izango gara", adierazi du Rebeka Maestrok, parekidetasun lantaldeko ordezkariak.

Puntu moreez gainera, sirenak ere ipiniko dituzte, horiek ere moreak. Kasu horretan, txosnetan izango dira. "Erasorik onartuko ez dugula eta eraso sexistei erantzun behar zaiela gogorarazteko", esplikatu du Maestrok.

Parekidetasun irizpideak

Ekimen konkretu horiez gainera, baina, parekidetasun lantaldearen helburua da jaian osotasunean eragitea. Beste modu batean esanda, Kilometroetako antolakuntzan diharduten lantalde guztiek "parekidetasun irizpideak" kontuan har dezaten lan egin dute: "Gida bat egin genuen, talde ezberdinei argibideak emateko. Parekidetasuna KMK jaiko ardatz nagusietariko bat izanda, honela, modu transbertsalean –zeharkakotasunez– landu behar zela ikusi genuen. Beraz, gure lana beste lantaldeek modu feminista batean jarduteko behar zuten laguntza ematea izan da, guk antolatu beharrean gauza feministak", dio Maestrok.

"Parekidetasuneranzko pausoak eman nahi baditugu, ezin dugu izebergaren puntaren inguruan bakarrik jardun. Zerk eusten dio emakumeen aurkako indarkeriari? Zerk mantentzen ditu desigualdadeak? Feminismoak ematen dizkigu gakoak parekidetasuneranzko pausoak eman ahal izateko; argiak hori gogorarazten digu, argi moreari heldu behar diogula, emakume bezala sozializatutakook ahaldunduz, gizon bezala sozializatutakoek maskulinitate eredua errebisatuz, eraso sexistak ikustarazi behar ditugula, zerbait deigarri eta arbuiagarri bihurtu, hau baita lehen pausoa hauei erantzun eta hauen atzean dauden botere logikak deuseztatzeko", azpimarratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak