Kilometroak 2017k baditu abestia eta bideoklipa eta gaur aurkeztu dituzte Zubikoa kiroldegian egin duten ikuskizunean. Emanaldi herrikoia izan da, herriko hainbat musika taldek hartu baitute parte bertan. Bideo eta esketxen bidez irudikatu dute 1989tik gaur arteko ibilbidea eta urte horietan guztietan Oñatik musikaren alorrean izandako bilakaera izan da ikuskizuneko ardatza. Antzerkiak ere izan du bere protagonismoa, herriko Irazan Antzerki Gunearen eskutik.
Amaia Txintxurreta aurkezleak eta Markel Irizar txirrindulariak aurkeztu dute Juan Carlos Irizar musikari oñatiarrak sortutako 1989ko Kilometroetako abestiarekin hasi den emanaldia. Ikastolako neska-mutikoek eta irakasleek abestu dute hori. Pianoan Juan Carlos bera aritu da.
Hor Konpon talde oñatiar ohiaren txanda izan da ondoren. 1987an sortu zen taldea, eta 21 urteren ondoren berriz igo dira eszenatokira, garai hartan ezagun egin zuten ‘Bake dantza’ abesteko.
Herrian kulturaren alde sekulako lana egin zuten eta tamalez gure artean ez dauden Patxi Hipolito eta Jose Mari Agirrebengoa Txinpartari ere egin diete keinu ondoren, eta txaloka erantzun dute ikusleek. Une hunkigarriak.
Bertsolariek hartu dute ondoren eszenatokia. Iñaki Igartuak eta Joseba Lasagabasterrek hiru bertso hunkigarri abestu dituzte.
Latzeneko abeslari Aitor Uriartek ere txalo zaparrada jaso du ezagun egin zuen Laztana abestera atera denean. Juan Carlos Irizar izan du lagun pianoan eta ikastolako neska talde bat koruak egiten. Ikusleak ere kantuan ipini dituzte.
Sharon Stoner eta Malenkonia talde oñatiarrek argi utzi dute kalitateari eutsiz, herritarren musika gosea asetzeko gai direla.
Ruper Ordorika eta Ander Etxanizek Ordorikaren abesti klasiko den Zaindu maite duzun hori abestu dute. Markel Irizarri eta dagoeneko gure artean ez dauden ikastolako kideei dedikatu die abestia.
Olatz Zugastiren Bizirik gaudelako kantua abestu dute Txantxiku Ikastolako ikasleek, eta hain zuzen, ikastola posible egin zutenak izan dituzte gogoan.
Bideoklipa berritzailea
Bukaeran aurkeztu da Lekaixoka Bideoklipa Ume batek Kilometroak jaiaz imaginatzen duena irudikatzen du bideoklipak. Stop Motion teknika erabilita osatu dute hori eta ikastolako ikasleek eta herriko beste hainbat taldek hartu dute parte bertan. Txantxiku Ikastolak berriki martxan ipini duen Konfiantzaren pedagogia ere izan dute oinarri bideoklipa osatzerakoan. Bideoklipa, beste behin ere, Kilometroak 2017k bere oinarrian duen auzolana balioan oinarrituta egin da.
'Lekaixoka!' abestia bukaeran
Zubikoa kiroldegia bete duten ikusleek txalo zaparrada luze batez hartu dituzte bai bideoklipa eta baita abestia bera ere. Bukaeran musikari talde ederra batu da eszenatokian aurtengo Kilometroak 2017ren melodia Lekaixoka zabalduko duen abestia eskaintzeko.