Araututako aparkatze sistema honekin muga ordubetekoa izatea ez zaio nahikoa iruditzen EAJri eta herriko hainbat gunetan piboteak jartzea eta Sietevientos bidegurutzea ixtea ere ez dela neurri ona uste du. Mikel Bian alkateak erantzun dio Lourdes Idoiagari egoera denei erantzutea zaila dela, baina lehen baino askoz errazagoa dela orain aparkatzea. Gehitu du lehen 3.000 ibilgailu pasatzen zirela bidegurutze horretatik eta datorren astean egingo dituztela neurketa berriak. Datu hori ere kontuan hartuko dutela balorazioa egiterakoan.
Aurrekontuen gaineko eztabaida ere izan zuten alderdi bietako bozeramaileak. Idoiagak esan zuen ez zaiola praktika egokiena iruditzen aurreko urteko likidazioaren menpe egotea urteko inbertsioak egiteko. Eta Biainek azaldu zuen ohikoa dela martxoan finantza oreka aztertzea eta EAJ gobernuan zegoen urteetan ere egin zirela horrelakoak, baita kopuru handiagoekin ere.
Mozioa
Lehen sektorea indartzeko oinarriak, ingurumen beka bigarrenez ematea edo Aloña Mendirekin udalak duen hitzarmena sinatzea ere adostu zuen udalbatzak, horiek guztiak aho batez. Eta baita Sarek eramandako mozioa ere. Presoen zigorren batuketa kontuan hartzeko sinadura bilketa egin du Oñatiko Sarek. Denbora gutxian 400 baino gehiago lortu ditu eta atzoko osoko bilkuran alderdi politikoei jakina arazi zieten euren kezka hori. EH Bilduk zein EAJk biek onartu zuten mozioa aho batez eta hori eskertu egin zuten Oñatiko Sareko kideak.