Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak, Pozalaguako kobak, Sarako Leizeak, Sorginen Kobak (Zugarramurdi) eta Urdazubiko leizeak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea eta elkarte honek antolatu du, zortzigarren aldiz, kobazuloen eguna.
Asteburuan egingo dira ospakizunak, zapatuan eta domekan. Leizeek ekintza desberdinak antolatu dituzte eta sarrerek %50eko deskontua izango dute domekan. Zapatuko zein domekako tailerretan eta bisitetan parte hartzen dutenek La Bastide Clairence-n dagoen Argizagita etxean asteburu batez gozatzeko aukera eta anaitutako kobazulo guztietan sartzeko bonu baten zozketan parte hartuko dute.
Arrikrutzen
Oñatiko Arrikrutz kobetan ere egitarau berezia prestatu dute kobazuloen eguna ospatzeko:
- zapatuan: 53 galerian burutzen diren ohiko bisitak etxeko txikiei zein familiei bideraturiko tailerrez osatuak izango dira. Zein animalia edo gizaki ibili zen Arrikrkutz Oñatiko koben inguruan? Nola lortzen zuen lehen gizakiak sua piztea? Nola aurkitzen dira animalia edota gizaki hauen aztarnak? Galdera hauen zein beste batzuen erantzuna arkeologia esperimentalean oinarrituriko tailerren bitartez bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du bisitariak.
- domekan: 53 galeriako bisita turistikoa erdi prezioan burutu ahal izango da.
Edozein ekintzatara joateko, komeni da izena aurrez ematea. Hauek dira bideak: 943 08 20 00 telefono zenbakira deituz edo arrikrutz@onati.eus helbidera idatziz.