Hilabete eta erdi da araututako aparkaleku sistema berria Oñatiko herrigunean jarri zutenetik, eta, Mugikortasun zinegotzi Irati Etxeberriaren esanetan, "oso ondo" doa. "Jendeak hasieratik ondo erabili du sistema berria, bai txandakako aparkalekuak eta baita bertakoenak ere".
Bigarren gune horietan, baina, txartelik ez duten ibilgailuak ere aparkatu dituzte hainbatetan eta udaltzainek isunak jarri dizkiete jabeei. Lehen hiru astetan oharrak bakarrik jarri zituzten eta Errege ostean hasi ziren udaltzainak isunak jartzen.
Bertakoendako espazioen seinaleak, lurreko marrak, indartu egin dituzte egun hauetan, nabarmenagoak izateko.
Isunak 30 eurokoak dira, behar ez den tokian aparkatzeagatik, baita denbora muga pasatzeagatik ere. Azkar pagatuz gero, erdia ordaindu beharko dira. Txandakako eta bertakoen guneetako isunak udaletxean ordaintzen dira eta lur azpiko aparkalekuetakoak bertako parkimetroetan ere bai.
Orain arte 150 herritarrek baino gehiagok egin dute bertakotze txartela ateratzeko eskaera. Beste batzuk, berriz, atzera bota dituzte. Arrazoi nagusia izan da jabeek ez dutela ibilgailua euren bizilekuan erregistratuta, beste helbide batean baizik. Irati Etxeberria zinegotziak azaldu duenez, legez egon behar du ibilgailuak norberaren bizilekuan erregistratuta.
Bestalde, otsailaren 1etik aurrera erdiguneko oinezkoen kaleetako bizilagunen zamalanetarako txartelak eskuragarri izango direla udaletxeko sarreran. Bertan onartuen eta ez onartuen zerrenda ere izango da. Ez onartuen kasuan, otsailaren 28rarteko epea zabalduko da autoaren helbidea aldatu eta eskaera berriro egiteko.
Etxeberriak azpimarratu du baina, sistema berria "helburuak betetzen" ari dela. Hau da, erdiguneko agitazio trafikoa gutxitzea eta erdigunean bizi diren herritarrei aparkatzeko aukerak erraztea. Herritarrek izandako erantzuna "ona" izan dela uste du eta gogorarazi gura izan die bertakoek 24 orduz utz dezaketela ibilgailua dagokien tokian. Eta txandakako aparkaleku plazak eguerdietan, gauetan eta zapatu eguerditik astelehen goizera libreak direla.