Biolentziaren prebentzioan lanean jarraitzen dute Elkar Hezin

Adin guztietako ikasleekin lantzen da biolentziaren prebentzioa Elkar Hezin. Gaia ez da zerbait isolatua, euren hezkuntza proiektuaren ardatza den ikas komunitatearen proiektuaren barruan sartzen da.

Txikienekin hasten dira Elkar Hezi ikastetxean biolentziaren prebentzioaren gaia lantzen Zero biolentzia, zero urtetik izeneko programarekin eta ezinbestekoa ikusten dute biolentziaz jantzitako gertakari bat dagoenean, dagokion lekua ematea gertatutakoari. Horren helburua, baina ez da inor baztertzea, baztertzen dutena jokabidea da. Eta horrekin nahi dutena da "jarrera desegokia" izan duen pertsona hori berriro taldera erakartzea.

Elkar Heziko Haur Hezkuntzako irakasle eta koordinatzaile den Leire Arietak azpimarratu du baita ere oso garrantzitsua dela isiltasunaren araua apurtzea eta gertatzen diren gauzak salatzea. Eta ulertu behar da salaketa hori egiten duena ez dela "salataria", baizik eta "ausarta" dela. Ausarta, gertakari horien aurrean ez duelako beste alde batera begiratu. Horixe azaldu du Haur Hezkuntzako koordinatzaileak.

Eta hori guztia ipuinen bitartez aurkezten zaie umeei; Begoña Ibarrolaren Ausartaren kluba ipuina izan da, esaterako, Haur Hezkuntzakoen abiapuntua.

Nagusiagoekin beste modu batzuetara lantzen dute gaia. Adibidez, batxilergoko bigarren mailako ikasleek tertulia kurrikular dialogikoak deiturikoak egiten dituzte. Kasu honetan gazteek eskuartean duten testuan azaltzen da nola eraikitzen diren nerabezaroan erakargarritasun ereduak gizonekiko, eta aztertzen dute horrek zein ondorio eduki ahal dituen emakumeen kontrako biolentzian.

Biolentziaren prebentzioan erabiltzen duten metodologiaren beste ezaugarrietako bat da partaidetza; irakasleen, ikasleen, gurasoen eta hezitzaileen arteko dialogoak sortzen dituzte. Eta bereziki zaintzen dute baita ere emakumeen kontrako biolentziaren prebentzioa.

Horrez gain, etikaren hizkera erabiltzen ere jarraitzen dute; horrekin lortu nahi dutena da ez izatea erakargarria besteak gaizki tratatzea eta biolentzia erabiltzea, ikasleak autoerregulatzea nahi dute, helduek parte hartu gabe, beraiek izan daitezen protagonista biolentziaren prebentzioan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.