Aloñako Igoeraren 13. edizioak azken urteotako bide beretik jarraituko du aurten ere: "Ez dugu aparteko nobedaderik aurreikusi, korrikalariei aurreko edizioetakoa eskainiko diegu, paraje paregabean korrika egiteko aukera, giro ona, eta ondo antolatutako lasterketa", dio Pablo Arejolaleibak. Izan ere, ondo eginda dagoenak ez du aldaketa handirik behar.
Dagoeneko badira hiru urte lasterketa luzatu –eta gogortu– zutenetik, Aloñara igoera azkar bat izatetik Aloña eta ondorengo kresteria infernu bilakatu zutenera, 22,6 kilometro eta 1.800 metroko desnibel positiboarekin, eta berdin jarraituko dute.
Izen-ematearekin argi
Lasterketan parte hartu gura duenak argi ibili beharko du izen-ematearekin, Antzuolako 8 Miliak edo Arrasate-Udalatx lasterketetako dortsalak segituan agortu direlako: "Ez dakigu gauza bera gertatuko den, jendea gogotsu ibiliko ote den, baina eskertzekoa izango zen, horrek lasaiago lan egiteko aukera ematen duelako".
Talde sendoa atzean
Lasterketa antolatu ahal izateko kuadrilla polita dabil atzean lanean: "Lagun taldea osatu dugu eta horrela errazagoa da gauzak egitea. Eta lasterketa egunerako kolaboratzaile talde sendoa dugu lanerako gertu; bestela, ezinezkoa da halako proba bat antolatzea".