Aurrera doaz Eltziako lanak

Gunea egokitzeko lanak egiten ari dira hilabeteotan Oñatiko Eltzia eraikinean. Besteak beste, taberna lekuz aldatuko dute, eta topagune bat ere sortuko dute.

Azaroaren erdialdera hasi zituzten Eltzian lehenengo solairua egokitzeko lanak, eta apurka apurka, gune hori ari da etorkizunean izango duen itxura hartzen.

Izaskun Legaristi arkitektoak prozesu parte-hartzaile baten ostean idatzi zuen proiektua, eta berau gauzatzeak hainbat aldaketa ekarriko ditu. Hala, taberna lehenengo solairuan egongo da, eta beronen kudeaketa, Lagun Leku elkartearen esku egon beharrean, lehiaketara aterako du Udalak. Herritar guztiei zabalik egongo da taberna, baina non dagoen aintzat hartuta.

Orain arte taberna egon den lekuan, bestalde, biltegia egongo da. Beste aldaketa nagusi bat Eltzekiden, Eltziako erabiltzaileen harremana sustatze aldera klaustroaren ondoan egokituko den topagunea izango da.

Geletako batzuk, erabiltzaileen beharrizan konkretuetara egokituko dira. Irisgarritasuna hobetzea izango da egokitzapen lanen beste onura bat. Horretarako, eraikinaren alde baten arrapala bat egingo dute, eta bestean, igogailua martxan jarri.

Moyua enpresa ari da lanak egiten eta aurrekontua da 393 mila euro, BEZa kanpo. Aurreikusi gabeko itokin batzuk ere konpondu beharko dituzten arren, Aste santuaren bueltan lanak amaituta egongo direla diote arduradunek, eta helburua da ikasturte berrirako funtzionamendu normala izatea. Hauek izango dira, oraingoz behintzat, Eltzian egingo diren azken lanak.

Gainera, San Lorentzo auzunean egingo diren bestelako lanak direla eta, Eltziak eta bere inguruak ere itxura eta dinamika berriak izango dituzte.

Erlazionatuak

Ekainetik dihardute Oñatiko musika taldeak Eltziako lokalak erabiltzen

Oñati

Hamar gela egokitu dituzte, 40 talde eta bakarlarirendako. Guztira, 140 bat lagun. Talde handiagoendako erabilera anitzeko beste gela bat ere badag...

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.